NAFARROA. Nafarroako Unibertsitate Publikoan bihar, azaroak 24, asteartea, Tesiak 3 Minutuan lehiaketaren finala egingo da. Lehiaketaren helburua da komunikazioak eta zientzia zabalkundeak duten garrantzia ikertzaileei txertatzea. Jendaurreko saio ireki bat izango da, eta 19:00etan egingo da, Arrosadiko campuseko Sario eraikineko 04. ikasgela erantsian. Lehiakideen erronka da 3 minutuan biltzea beren ikerketaren garapena.

Tesiaren kasuan, ikerketa hainbat urtetan garatu da, eta 3 minutuan azaldu behar dute hizkera xume eta errazean espezializatua ez den jendearentzat.Aurkezpena prosaz eta gaztelaniaz egin behar da. Laguntzeko elementu gisa, soilik erabili ahalko da diapositiba estatiko baten proiekzioa. Ezin da erabili beste ezein elementu (esaterako, bideo edo audio fitxategiak), ez bestelako osagarririk, adibidez, musika tresnak, laborategiko materiala, janztekoak, e.a. Hiru minutuko epea luzatzen duten lehiakideak automatikoki kanporatuak izango dira.Jarduera honen helburu nagusiak dira gizartearen zientzia-kultura zabalago bat sortzen laguntzea, zientziaren zabalkundea egiteko beharra ikertzaile gazteei txertatzea eta Campus Partzuergoa osatzen duten lau unibertsitateetako prestakuntzan dabiltzan ikertzaileen arteko harremana sustatzea.

Azken fasea bideoz grabatuko da, eta hitzaldi irabazleak eskuragarri egongo dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Campus Iberusen orrialdean doktoretza-tesien modalitatean.Lehiaketan sarituak izango dira hobekien azaltzen dutenak zergatik den beren lana garrantzitsua eta gizarteari zer ekarpen egiten dioten. Doktoretza Tesi baten Komunikazio Hoberenaren saria 1.000 eurokoa izango da, eta Gradu Amaierako Lan baten Komunikazio Hoberenaren saria 500 eurokoa.

Lau unibertsitatetako lehiakideak

Bigarren urtez jarraian, doktoretza tesien modalitatean Campus Iberus partzuergoa osatzen duten lau unibertsitateetako ikertzaileek parte hartzeko aukera izan dute. Guztira 52 parte-hartzailek eman zuten izena modalitate honetan: Zaragozako Unibertsitateko 30, Nafarroako Unibertsitate Publikoko 15, Errioxako Unibertsitateko 4 eta Lleidako Unibertsitateko 3. Finalerako hamaika sailkatu dira: Zaragozako Unibertsitateko 6 parte-hartzaile, Nafarroako Publikoko 4 eta Errioxako 1.

Era berean, Gradu Amaierako Lanen modalitatean 5 lagunek eman zuten izena, eta horiek zuzenean doaz finalera. Beren lanen diziplinei dagokienez, era guztietako gaietan daude: ingeniaritzak, pedagogia, medikuntza, gizarte lana, zuzenbidea, historia, filologia, kimika, soziologia, natura-ingurunearen zientziak, erizaintza, antzinatasunari buruzko zientziak eta abar.

NUPeko Ikerketarako Errektoreordetzak sustatu du lehiaketa Kultura Zientifikoaren Unitatearekin, Komunikazio Zerbitzuarekin eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiarekin eta Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako doktoretza eskolekin lankidetzan. Gainera, Nafarroako Radio Nacional de Españaren laguntza daukate, finalisten aurkezpenen laburpen bat emango baitute “Píldoras Científicas- espacios de divulgación de la investigación de la UPNA” (Zientzia-pilulak: NUPeko ikerketa zabaltzeko tarteak) izeneko saioan.Lehenbiziko "Tesia 3 minutuan" lehiaketa 2008an egin zen Queensland Unibertsitatean (Australia). Lehiaketak harrera oso ona izan zuen, eta 2010. urtean Australiako, Zeelanda Berriko eta Fijiko hainbat unibertsitatek nazioarteko lehenbiziko lehiaketa egin zuten, eta urtez urte, gero eta parte-hartzaile gehiago dauzka.