iruñea - Oraindik gogoak dauzka Paul Bilbaok, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, 2010ean antolatutako Euskaraz Bizi Nahi Dut manifestaldiaren irudiak. Euskararen alde inoiz egindako manifestaldirik jendetsuena izan zen hura, ezbairik gabe mugarri bat ezarri zuena euskararen normalizazio prozesuan. Herri baten nahiaren erakusleiho bilakatu zen ordukoa, eta nahi hori adierazi zuten herritarren ahalduntzea izan nahi du larunbatean Anaitasunan ospatuko den ekitaldiak. Herritar bakoitza baita, Bilbaoren iritziz, posiblea den aldaketa horren eragile.

Gauza aunitz aditu da larunbateko ekitaldiaren inguruan: giharra erakusteko unea izango dela, ez duela aldarrikapen kutsurik, manifestazio bat baino gehiago izango dela, ikuskizun bat... Baina misterio kutsu bat ere mantendu nahi izan duzue, ezta? Misterio hori guztiz argitu gabe ere, nola marraztuko zenuke larunbatean Anaitasunan gertatuko dena?

-Bai, ekitaldi berezi bat egin nahi izan dugu. Nafarroako azken urteotako hizkuntza politikak zer eman duen kontutan hartuta, batez ere. Egia da askotan egon garela kalean, egia da askotan egon garela gure eskubideak aldarrikatzen, egia ere bada azken urteotan Nafarroako Gobernuak hizkuntza politika oso zitala aurrera eraman badu ere, euskalgintzak lanean jarraitu duela. Nafarroan baditugu euskarazko tokiko hedabideak, euskaltegiak hor daude jo eta fuego lanean, ikastolak hor daude, eskola publikoan D ereduak, apaltasunez, baina gora egin du. Aldarrikapena hor dago baina azpimarratu nahi duguna zera da: euskararen kontrako politika borti-tza indarrean egon arren, euskararen herriak aurrera egiten jakin izan duela. Balorean jarri behar dugun zerbait da.

Alderdi positiboa azpimarratzea da afera, beraz?

-Bai, noski. Azken aldian Nafarroan aldaketa garaia iristen ari dela adi-tzen da, horretarako aukerak badaude. Imajina dezagun orain, bizi izan dugun egoera hain makurra izanda ere aurrera egin ahal izan badugu, aldeko hizkuntza politika bat izanez gero nolako urratsak emango zituzkeen gure hizkuntzak.

Hauteskundeak hain hurbil daudela kontutan hartu nahi izan duzue ekitaldi hau prestatzerako orduan? Aldaketa horrekiko keinuak egongo dira beraz...

-Zalantzarik gabe. Nafarroan aldaketa egongo bada, hizki larriz ida-tzitako aldaketa, hori da euskararen hizkuntza politikan hizki larriz ere aldaketa egongo delako. Ezin dugu imajinatu Nafarroan benetako aldaketa egongo dela baldin eta hizkun-tza politikan benetako aldaketa ez bada ematen. Gure ekitaldia pasatu eta hilabete bat besterik ez da geldituko hauteskundeetarako eta kanpaina ofizialari ekingo zaio. Ekitaldi hau horretarako ere baliatu nahiko genuke, partidu politikoen mezu eta programetan hizkuntza politikan beharrezkoa den aldaketaren beharra nabarmentzeko.

Orduan, aldarrikapenaren arrastoren bat ere egonen da ekitaldian.

-Aldaketa emateko nahitaezkoa dela hizkuntza politikan aldaketa egotea gogorarazi nahi dugu. Bestetik, herritarren parte-hartzeari begirako ekitaldi bat ere bada. Hor agertuko diren ilunak eta koloreak politikariek ere kontutan hartzea nahiko genuke. Orain arte aurrera egin dugu eta euskararen herri antolatu horri aitortza egin behar zaiola iruditzen zaigu. Ekitaldi horretara hurbiltzen diren herritar guztiak “nik ere eragin dezaket” pentsatuz irtetea nahiko genuke. Euskaldun guztiak pilak kargatu behar ditugu, guk boterea dugun gune guztietan eragiteko, talde sindikaletan, kultur erakundeetan, kirol taldeetan edo koadrilan izan.

Hala ere, hizkuntzaren normalizazio prozesuan gune desberdinek izan dezaketen eragina ez da berdina...

-Euskalgintza da ardatza, baina herritarren bultzadarik gabe ez dugu ezer egingo. Gure asmoa litzateke, Anaitasunan antolatu dugun guzti horrekin, emozioak eta pozak partekatzea, egoeraren errealitatea ere parteka-tzea... Aitortza bat izateaz gain, argi dugu Nafarroan aldaketarako aukera benetakoa bada ezin dugula tren hori galdu. Urte luzeez pairatutako politika bortitza izan da, euskalgintza bera ito nahian dabiltza, proiektu desberdinak aurrera eramateko zailtasun eta oztopoak gero eta gehiago dira... Nafarroako Gobernuak bere eskura dituen tresna guztiak erabili ditu euskaldunak zokoratzeko. Horrexegatik, Nafarroako aldaketa euskaratik etorriko da, bestela ez da aldaketa izango.

Aldaketa inoiz baino posibleagoa dela dirudi egun. Baina, zer gertatuko litzateke aldaketa hori ez bada hainbesterakoa edo ez balego aldaketarik? Zein puntutan utziko luke horrek euskararen normalizazio prozesua?

-Ataka batean gaudela iruditzen zaigu. Hizkuntza politika progresiboa izan behar dela badakigu, baina ezingo genuke onartu eta frustrazioa li-tzateke guretzat, aldaketa hori aldaketatxo bat soilik izango balitz. Hizkuntza politika batek hiru zutabe nagusi ditu: corpus juridiko egokia, plangintza egokia eta baliabide egokiak. Nafarroan, araubidea erabat desegokia da, euskararen normalizazioak ez dauka plangintzarik eta baliabideak gutxienekoak dira. Hain egoera makurretik abiatzen garenez, arriskua badago nolabait ere gutxirekin konformatzeko. Baina horrekin ez dugu aski.

Kontseiluaren papera hor kokatuko litzateke, ezta? Aldaketa horren aurrean, zein dira euskararen normalizazioan marrazten diren erronka nagusiak?

-Lehen esan bezala, hiru ardatz nagusi daude. Araubideari dagokionez, ikusi beharko da zer nolako araubidea behar dugun, baina mahai gainean jartzeko unea litzateke, orain artekoak euskaldunen eskubideak zapaltzen dituelako. Zerotik hastea baino, minusetik hastea litzateke hizkuntza politikaren kasuan. Hiru zutabe horiek erritmo berean jo behar dira, gainera: plangintza, araubidea eta baliabideak. Eta prozesu horrek guztiak, noski, euskalgintza alboan egotea behar du. Euskaraz bizi nahi duen nafar gizarte zati hori hor egongo da guztia babesten.

Nola ulertzen du Kontseiluak beharrezkoa den hizkuntza politika hori?

-Hizkuntza politika normalizazio prozesu bat da, prozesu politiko eta soziala. Hau da, instituzioek bakarrik ezin dute hizkuntza bat berreskuratu, eta kultura eragileok ere ez. Elkarlana beharrezkoa da herritarrekin. Gure-tzat, hitza Konplizitatea litzateke. Agintariek beharrezkoa dute herritarren babesa. Hartu beharko dituzten erabakiak askoren kritikak piztuko dituzte baina horretarako dago Kontseilua, esateko: Zuek lasai, zuek egin aurrera, guk jarriko dugu gure ejertzito guztia, alegia, euskaraz bizi nahi duen herri hori, erabaki horiek babesten. Ulertzen dugulako hori ere beharrezkoa dutela, agintariek babesa behar dute hartutako erabakiak legitimoak izan daitezen.

Herritarrek Kontseiluak antolatutako ekitaldiekiko erakutsi duen babes hori aski frogatua gelditu da, ezta?

-Bai, egia esan gure itoak, nolabait esateko, nabarmenak izan direla Nafarroan. 2010eko Euskaraz Bizi Nahi Dut manifestaldia euskararen alde inoiz egin den manifestaldirik handiena izan zen. Niretzat, politena herritar bakoitza Euskaraz Bizi Nahi Dut txarteltxoarekin ikustea izan zen. Herritar bakoitzak izan zuen aukera esateko: “Ni naiz hemen nagoena, kartel bati eusten, euskaraz bizi nahi dudala adieraziz”. Kasu horretan herritarren euren bizi nahia adierazi zuten eta oraingoan lortu nahi duguna herritar horiek ahaldundu eta eragile bihurtzea da.

Fase edo garai berri baten mugarria izatea nahiko zenuke?

-Badakigu ekitaldi batek bakarrik ez duela errealitatea aldatuko baina gutxienez. “ni han egon nintzen” hori bakoitzaren baitan geratzea nahiko genuke. Ez genuke halako ekitaldi bisual bat besterik izatea nahi, nolabait herritarrei parte hartzeko aukera eman nahi diegu. Hor bilduko diren herritar guztiek ikusiko dute beraiek ere zerbaiten parte direla. Nafarroan euskara dagoen tokira iritsi da eragile eta herritarrei esker, azken finean. Eragile eta herritarrak gara euskarak Nafarroan beharrezkoa duen aldaketa horretarako motorra.