zarautz - Zarauzko udal gobernuak (Bildu-Aralar) legegintzaldi honetan Udalaren egoera ekonomikoa ”nabarmen” hobetu dela azaldu zuen atzo. Lau urte hauetako balantzea egin zuten zinegotziek eta agintean sartu zirenean sarrera eta gastuen arteko “desoreka nabarmena” zela gaineratu zuten. Hala, inbertsioak egiten jarraitu ahal izateko gauzatu ez ziren udal lokalen salmenta ezarri zen aurrekontuetan. “Ekainean tramiterik egin gabe zeuden lokalak salduko zirela aurreikusten zuen aurreko gobernuak eta salduta baleude bezala kontatzen zituen aurrekontuetan, horietatik lortu zitezkeen irabazien dirua aurrekontuetan sartuz”, adierazi zuen Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak, Juan Luis Illarramendi alkatea eta Mikel Goenaga eta Ane Eizmendi zinegotziekin batera.
“Aurreko gobernuaren kudeaketa eredu horrek emaitza nabarmenak izan zituen. 2011ko Udaleko aurrekontu bateratuak 31 milioi eskasekoak izan ziren (azken hamarkadako baxuena). 31 milioi horietatik inbertsioak egitera bideratutako zenbatekoa ez zen milioi bat eurora ere iristen, eta Udalak bankuekin zuen zorra bikoiztu egin zen, 11,5 milioitik 23,53 milioi eurokoa izateraino. Ondorio zuzena: urteroko aurrekontuen %10 inguru, 2,5 milioi euro, amortizazio eta interesetara bideratzea dakar”, jakinarazi zuen Eizagirrek. Azken urteetan “egoera irauli” egin dutela gaineratu zuen: “Egungo zorra 15,5 milioi eurokoa da. Beharrezkoak ez ziren hainbat gastu ezabatu ziren. Beste hainbat gastu, jaitsi egin ziren. Jaitsierarik nabarmenena egungo udal gobernuak ordezkari politiko eta aholkularien kostuan egin duena izan da, hauen soldatak apalduz”.
“Eredu aldaketaren adibiderik onenetakoa sarreretan izan den igoera izan daiteke. Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aldaketa fiskalei esker zerga-bilketak gora egin du, eta Zarau-tzen ezohiko etxebizitzen gaineko zergaren errekarguak ere igoera bat eragin du. Aldi berean, Udala gai izan da finantza erakunde batekin zituen kreditu baldintzak birnegoziatzeko, interes-tasak murriztea lortuz”, nabarmendu zuen. Bestalde, Ongizate Zerbitzuetan murrizketak ez direla egin gogoratu zuten, diru partida 2,9 milioi eurotatik 3,5 milioi eurotara igo dela azalduz. Egindako inbertsioak ere aipatu zituzten, Alde zaharreko peatonalizazioa, esaterako.