donostia - Sudur Krossaren seigarren edizioa prest dute egiatarrek. Larunbatean beteko dituzte korrikalariek auzoko eta inguruetako kaleak. 17.00etan abiatuko dira Cristina Enea parketik eta hiru kilometroko ibilbideari bi buelta eman beharko dizkiote, parkea zeharkatu eta Erriberetako Mikel Laboa pasabidera heldu arte.
Lasterketa herrikoia da Sudur Krossa eta festa giroa izaten da nagusi: korrikalariak mozorrotuta ere joan daitezke eta bigarren aldiz mozorrorik onenak saria izango du. Azken urteotan parte-hartzaile kopurua gora doa eta iaz 240 inguru izan ziren. Horietatik 51 emakumeak ziren eta aurten neska gehiago izatea nahi dute antola-tzaileek.
Gainera, azken bi urteotan bezala, Sudur Txiki lasterketa ere antolatu dute gaztetxoentzat. 12 urtetik beherakoek izango dute parte hartzeko aukera, baina adinaren arabera ibilbide desberdinak prestatu dituzte. Luzeena 900 metrokoa izango da, 10 eta 12 urte bitartekoentzat. Parte-har-tzaile guztiek jasoko dituzte opariak. 16.00etan abiatuko dira, nagusiak baino lehen, eta Cristina Enea parkean bertan korrituko dute. Iaz 350 izan ziren guztira korritzera animatu ziren txikiak. Antolatzaileen helburua haurrak eta kirola lotzea dira, lehia alde batera utzita, eta horregatik ez da irabazlerik egongo.
izena ematea Helduei dagokienez, hainbat sari zozkatuko dituzte lasterketa laguntzen duten taberna eta dendei esker: 18 kamixeta, MP3 bat, txuletak, afariak, sudaderak... Gainera, korrikalari guztiek bi opari jasoko dituzte: Sudur Krossaren elastikoa eta sagardo edalontzi bat, lasterketaren marrazkiarekin. Zozketa eta banaketa lasterketa bukatzean egingo da Plaza Haundin (Martin Santos) eta bertan luntx bat ere izango dute prest lasterkariek.
Izena ematea aldez aurretik egin daiteke oraindik 6,5 euroren truke Interneten bidez (herrikrossa.com) edo pertsonalki Laister Kirolak, U51 Kirolak eta Tetuan Kata tabernan. Larunbatean bertan ere egongo da inskribatzeko aukera 16.00ak arte (9,5 euro). - A.Z.