Gasteizko ertzain-etxeko agenteek 47 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, astelehena, indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat eta mehatxu-delitu bat egotzita. Atxilotuak bere ezagun bat mehatxatu zuen laban batekin eta 90 bat euro hartu zizkion, antza denez, ordaindu gabeko zor bat kitatzeko.
Atzo goizean, zortziak inguruan, partikular batek Gasteizko Alde Zaharrean kokatutako etxebizitza batera joateko eskatu zion Ertzaintzari, lapurreta baten biktima izan zelako. Herritarren segurtasuneko patruila bat bertaratu zen eta salatzaileak jakinarazi zien apur bat lehenago ezagun bat azaldu zitzaiola etxean.
Etxebizitza barrura sartu ondoren, laban bat erakutsi eta ustez zor zion diru kopurua itzultzeko agindu zion. Mehatxuon bitartez, aurrezki-libreta eta libretaren kodea lapurtu zizkion, eta biktimaren pisukideari eman zizkion, banku-sukurtsal batera joan zedin 90 euro ateratzera. Bitartean, biktima bere gogoz kontra atxiki zuen.
Pisukidea etxebizitzara itzuli zenean, egileak dirua hartu eta etxea utzi zuen salatzailearen aurka mehatxuka.
Atzo arratsaldean susmagarria atxilotu zuten indarkeriazko lapurreta-delitu batengatik eta mehatxu-delitu batengatik. Egindako ikerketen arabera, gertakarion kausak zerikusia izan dezake gai estupefazienteen kontsumoarekin.
Atxilotuak polizia aurrekariak ditu. Gaur goizean, asteartea, epailearen esku jarri dute.