Nork ez du Altxorraren Bila jolasa ezagutzen? Pistak jarraitu eta azken opariaren zirrara nork ez du ezagutzen? Zenbait gauza modan jarri eta azaltzen dira, moda pasa eta ahaztu. Baina Altxorraren Bila jolasa klasiko bat da, belaunaldiz belaunaldi ezaguna egin dena. Gaur egun, ordea, zaharkitua geratu dela esan daiteke, eta horretan badu zer ikusia geocachingak. Izan ere, horixe da geocachina: Altxorraren Bila modernoa.
Gure ikastolan, hala ere, geocachinga ezagutu genuenean jolas bat baino gehiago zela iruditu zi-tzaigun, gure filosofiarekin bat zetorren ekintza baitzen.
Hamaika gauza uztartzen ditu ekimenak. Batetik, gure ingurua ezatzeko aukera ezin hobea ematen digu. Bestetik soinketarekin lotutako orientazio ariketa da edo teknologia berrien erabilera ikasteko modu bat. Baina gehien erakarri gaituen gauza hau da, gure ondare eta txoko ezkutuak erakusteko aukera paregabea dela.
Gure ikastolaren filosofiarekin bat dator, herritik eta herriaren-tzat sortua. Modu honetan gure herriko txoko ezkutuak ezagutzera emango ditugu. Poliki poliki, ikasleen erritmora, gauza xumeak eginaz, Ziordian, Olaztin, Urdiainen eta Altsasun “altxor” txiki batzuk utziko ditugu. Koordenatuak behar bezala apuntatu eta gero.
Gaur egun, gertuen dauden geocachingak hiru dira. Bat Beriain mendiaren tontorrean dago ongi ezkutaturik, bigarrena Euskal Herriko erdigune geologikoan. Hirugarrena Laleze paraje ederrean, hirurak naturgune zoragarrietan.
Ikastolako txikienentzat berriz urruti xamar gelditzen dira. Horregatik guk herritik gertu jarriko ditugu gureak. Modu honetan, Altsasuko Dantzaleku parajea, Txuspo Poyoren eskultura bisitatu ahal izango du jendeak. Urdiaingo jentilen kondairak ezagutu eta leihoa bisitatu, edo Ziordiko jauregiaren historia ezagutzeko aukera izango du bisitariak.
Historia eta herriko ondareaz ari garen honetan, gure basoetako haritzak eta kostaldeko ontzigin-tza uztartzen duen gunea ezagutaraz dezakegu. Berriki jakin dugu ?XVI mendean Euskal Herriko kostan eraiki ziren zenbait baleontzien zura Sakanako basoetatik eraman zela. Ez hori bakarrik bertan bazela haritzetan egiten zen inausketaren bidez lortzen zirela zehaztasun handiz baleontzirako piezen forma zuten haritzak. Teknika interesgarria benetan.
Guk Iñigo Aritza Ikastola www.geocaching.com web orrian erregistratu dugu.
Zer da Geocachinga? Geocaching-a naturan aritzeko sasikirol bat da eta GPS hargailu bat erabiliz, beste partaide batzuk ezkutatutako “cache” edo altxor bat bilatzean datza.
Mundu osoan zehar zabaldu den “altxorraren bila” berritzaile bat da eta edonork parte har dezake. 220 herrialde baino gehiagotara iritsi da dagoeneko, munduan zehar 367.375 altxor daude ezkutaturik, horietako batzuk Euskal Herrian.
Ideia sinplea da, edukiontziak (cache) ezkutatu ondoren, Interneten kokalekua argitara eman behar da. GPS hargailu bat duen edonor Interneten sar daiteke eta Geocachingen orrialdean (www.geocaching.com) aukeratzen dituen cacheak aurkitzeko balio izango dioten koordenatuak eskura ditzake. Behin cachea aurkitu duenean, orrialde horretan bertan, aurkitu duela berretsiko du. Partaideak adin guztietakoak dira, umeak dituzten familiak, ikasleak, helduak eta baita erretiratuak ere.
Jarduera hau mundu guztiaren-tzat da aproposa, eta ingurumenarekiko sentsibilizazio sendoa du.
Cache mota ezberdinak daude:
Tradizionala Gutxienez, edu-kiontziaz eta bisita liburu batez osaturik dago. Txostenean ager-tzen diren koordenatuak kokapen zehatza eman behar dute.
Multi-cache edo anizkoitza Bi kokaleku edo gehiago izango ditu. Hasierako edukiontzian/etan altxorra aurkitzen den kokaleku zeha-tzera eramango zaituen koordenatua egongo da.
Puzzle cache edo buru-hausgarria Puzzle edo buru-hausgarri bat ebatzi behar da, azken edukiontziko koordenatuak lortzeko.
Event cache edo jarduera Geocacher eta geocaching erakundeek antolatutako jarduerak. Txostenean koordenatuak, data bat eta biltzeko ordu bat azalduko dira.
Webcam cache Webcam bat edukiko du eta aurkikuntza kamara bidez berretsiko da. Zailtasun handiena, lagun bati deitu beharrak dakar, kamerak hartutako irudia azalduko den web orrian sartu eta irudia gorde dezan.
Edukiontzian aurkituko duzun altxorra, balio gutxiko objektuek osatu ohi dute, boligrafoek, giltzatakoek...
Behin altxorra aurkitu duzunean, altxorra bertan utzi behar duzu edo hartu nahi izango bazenu beste zeozer utzi zure atzetik datozen bilatzaileentzat. Altxorrarekin batera, bisita liburu gisa erabiltzen den kuaderno txiki bat egon ohi da, partaideek bertan sinatu eta cache-ari buruz duten iritzia eman dezakete.
Lanari ekin diogu eta hasteko gure cache-ak izkutatzeko txoko bila ari gara, argazkietan ikus daiteken bezala. Aurrerago altxorrak prestatu, gorde, koordenatuak jaso, datuak erregistratu eta etor zaitezkete gure txokoak ezagutzera. Lan handia geratzen zaigu oraindik ikasturtea amaitzen den bitartean.