Ondarroa - Hirigunetik oso hurbil baina bisitarientzako urrun, Aieriko padurak bisitagarri izango dira etorkizunean. Ondarroako Udaleko Turismo Bulegoak “hegaztien behaketak egiteko” bisita ornitologikoak antolatu ditu apirilean eta maiatzean, Debanatura Elkartearen eskutik eskainiko direnak.
“Estrategikoki kokatuta Europako migrazio ibilbide nagusienetako batean”, Aieri gune aproposa da txorien migrazioa behatzeko. Gune babestu izendatutako Ondarroako paduretan 80 hegazti eta 4 anfibio espezie bizi zirela azalarazi zuen iazkoan aurkeztu zen ikerketa naturalistiko batek.
Debanatura eta Aranzadi Zientzia elkarteek egin zuten ikuskaritza lana, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker.
“Europa iparraldetik etorritako hegaztiek, hala nola, lertxun hauskara, mokozabala, arrano arrantzalea, txirriak edota ubarroiak” dute Aieri migraziorako deskantsu gune, “eta bigarrenik, portua itsas hegaztien behatoki garrantzitsua” ere badela gaineratu dute.
Bisitak atzo hasi ziren, baina apirilaren 18an eta maiatzaren 16an -hitzordu bietan euskaraz- eskainiko dira, Turismo Bulegotik bertatik hasita 10:30etatik aurrera.
“Egun gehiagotan ere bisitak egin” ahal izango direla zehatu dute Turismo Bulegoko arduradunek, beti ere erreserbak aldez aurretik eginez. Interesa dutenek, hortaz, Bulegoarekin harremanetan jarri beharko dute, izena emateko. - I. Fradua