bilbo - “Kontua ekitea da. Egiten duguna gara. Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea, euskaldun gisa ahalduntzea. Euskararena ez da norbanakoaren kontua, herritar guztion auzia da, auzi publikoa da. Euskara plaza publikoan jokatzen da. Eta kontua nor izatea da, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko”. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak irakurri zuen atzo 2.500 kilometro zeharkatu dituen lekukoak gorde-tzen zuen mezua, jendetzaz inguratuta eta txalo artean, Bilbon Korrikako azken kilometroa osatu ondoren.

Euskaldun izateaz gain, euskaraz aritzeko deia egin zuen eta euskarak auzi publikoa behar duela izan aldarrikatu zuen, etxea ez ezik, plaza ere euskararen lekua delako. Eta gizartearen kohesioan ezinbesteko pieza dela ere esan zuen. “Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, borrokatzen dira injustizia sozialak, jartzen da frogan demokrazia”.

Helmugara iritsi eta mezua irakurrita, festa giroan ospatu zuten AEKko ardunadunek eta Bilbon bildutakoek Korrikaren 19. edizioaren amaiera. Atzo giroa polita eta eguzkitsua izan zen, baina Urepeletik abiatu zenetik, eguraldia ez du beti lagun izan, euria eta elurra ere topatu baititu lasterketak egunez eta gauez. “Mantso baina tinko” lortu du Euskal Herri osoa zeharkatu duen bidea osatzea, “ehunka milaka oin, milioika urrats txiki” eman ondoren, AEKko Iñaki Urkijok esan zuen moduan. “19.ez Korrikaren magiaz busti dugu Euskal Herria”, gaineratu zuen eta Korrikan parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien.

Aurtengo lasterketako lema euskahalduntzea zela ere gogoratu zuen eta horrekin nahia ahala ere badela gogoratu nahi du AEKk: “Ez dakienak ikasteko ahala du. Uler-tzen duzuenok mintzatzen hasteko ahala duzue. Dakigunok gehiago erabiltzeko ahala...”. Eta nahi pertsonalak ahal kolektiboa posible egiten duela aldarrikatu zuen.

Horretarako, eta lekukoaren mezuaren harira, Bilboko taula gainetik Urkijok ere eragiteko deia egin zuen: “Bakoitzak gure dugun alderdian eragin, instituzioetan, sindikatuan, lantokian, kirol taldean, dendan, tabernan, kalean... euskarari leku handiagoa egiteko eragin”. Bide horretan lehiak albo batera uzteko eta elkarlanean ari-tzeko deia ere egin zuen, “euskarari merezi duen zentralitatea” emateko eta plaza guztietara zabaltzeko.

bilbon Milaka pertsona bildu ziren Bilbon Korrikaren amaieran, baita lasterketak hiriko auzoetan zehar egin zituen azken kilometroetan ere. 12.30etik aurrera, ekitaldi ofiziala amaituta, festa giroak jarraitu zuen. Horretarako, sei gune antolatu zituen AEKk eta musika emanaldiak, dantza, jolasak, puzgarriak, herri kirol erakustaldiak, magia, jateko eta edateko guneak eta animazioa prest zituen, Anje Duhalde, Ze esatek eta Betagarri taldeekin, besteak beste.