17.00etarako minutu pare baten faltan plazako taula gainetik sartu zuen Asier Amondo koordinatzaileak aurtengo mezua Euskal Herri osoa zeharkatuko duen lekukoaren barruan. Behean, mugikorrak eskuetan, bildutako askok jaso nahi izan zituzten momentu horiek haien kamaretan eta selfieak ere ez ziren falta, urepeldarrak une garrantzitsu horien parte zirela mundura zabaltzeko. Herri txikia izanda eta euskarak bertan egoera larria bizi duela kontuan izanda, AEKren euskararen aldeko lasterketa erraldoia Urepelen hastea erokeria zela entzun zuten duela urte batzuk Adur euskara elkartekoek, Korrikari proposamena egin ziotenean. Erokeria hori, ordea, atzo errealitate bihurtu zen eta herriarentzat euskararen aldeko bultzada garrantzitsua izango dela ziur zeuden atzo Adurrekoak, plazara begiratu eta urepeldarren artean emozioa eta malkoak ikustean. Guztiak euskahalduntzera gonbidatu zituzten elkarteko eta AEKko kideek.

Irrintziak taula gainetik, aurtengo abestiaren doinuak bozgorailuetatik... eta, azkenean, abiatu zen Korrika. Peio Iputxa eta Laida Etxemendi euskaltegiko irakasleak eta irakasle ohiak eraman zuten herrian barrena San Telmo Museoan dagoen lehen lekukoaren erreplika, jendetza albo batean eta bestean zutela herritik atera eta Donibane Garaziko bidea hartu arte. Atzetik, pankarta eta ehunka euskahaldun zituzten. Aurretik, nola ez, Korrikaren furgoneta eta boluntarioak, bozgorailuetatik lasterketariei behar zuten indarra emateko prest.

Nafarroa Beherean eman zituen atzo euskararen aldeko lasterketak lehen kilometroak eta Zuberoa eta Lapurdi ere bisitatu zituen gauean eta gaur goizeko ordu txikietan. Nafarroara helduko da gaur, Baztan aldetik. Iruñeara 20.00etan da iristekoa eta biharko eguna argitzerako helduko da Gipuzkoara Berastegitik. Tolosa, Andoain, Hernani, Errenteria, Oiartzun eta Irun bisitatuko ditu berriz ere Nafarroara eta Lapurdira salto egin aurretik. Donostia eta Gipuzkoako beste eskualde gehienak igandean eta astelehenean bisitatuko ditu.

Ia 2.200 kilometro ditu aurretik lasterketak Bilbora hilaren 29an heldu baino lehen. Horiez gain, beste ehunka kilometro egin dituzte eta egingo dituzte ondorengo egunetan euskahaldun gazteek herriz herri antolatzen diren Korrika txikietan eta Korrika kulturalak ere hilabeteak daramatza AEKren euskararen aldeko lasterketa laguntzen. - DNA