BILBO. Shiv Nadar Unibertsitateko gai publikoetako eta teoria kritikoko zentroak (Centre for Public Affairs and Critical Theory C-PACT) bultzatu duen topaketa honen helburua da “Bilbo eredua” azaltzea, une honetan Indian hazten ari diren hirietan jarraitu beharreko eredu izan dadin, batik bat hiriaren gobernamenduaren eta plangintzaren arloetan, kutsaduraren eta ingurumenaren arloetan eta espazio publikoen eta estetika urbanoaren arloetan.

“Urban Experiences: Bilbao & Delhi” mintegia gaur goizean egingo da Delhiko India International Centre zentroan eta bertan izango dugu Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaleko alkateordea. Aipatu ditugun arloetan Bilbok izan duen esperientzia azalduko du Ibonek.

Dipankar Gupta soziologoak gonbidatuta joan da Indiara Bengoetxea. Gupta jauna Indian eraginik handienetakoa duen jakintsua da, gizartearen egiturari eta aldaketa sozialari buruzko ikerketei esker.

Gupta jauna Shiv Nadar Unibertsitateko C-PACT-eko zuzendaria da eta duela bi urte Bilbo aipatu zuen “Revolution from Above. India’s Future and the Citizen Elite” liburuan, Indian zehar finkatzen ari diren milioi bat biztanletik gorako ehun hiri ingurutan jarraitu beharreko eredu modura. Liburua egileak berak aurkeztu zuen 2013ko azaroan, Deustuko Enpresa Zientzietako Fakultatean emandako hitzaldi batean, zenbait urtetan irakasle gonbidatu izan baitzen han.

Une honetan Gupta ikerketa bat zuzentzen ari da Shiv Nadar Unibertsitatean, Indiak aurre egin behar dien hiru erronka hauei irtenbideak bilatu nahian: ustelkeria, laneko erreformak eta herriaren urbanizazioa.

Shiv Nadar Unibertsitatea erakunde filantropiko pribatua da, Shiv Nadar Fundazioak sortu zuena 2011n. Nazioartean ezagunak diren irakasleak ditu, helburu dutenak etorkizuneko ikuspegia eta XXI. mendeko karreretan arrakasta izateko ezaguerak, trebetasunak eta jarrerak eskaintzea. Beste alde batetik, India International Centre Indiako gobernuz kanpoko erakunde kultural nagusietako bat da eta bertan elkartzen dira estadistika-egileak, diplomatikoak, politikoak, adituak, zientzialariak, legelariak, idazleak, artistak eta gizarte zibileko kideak, “munduko komunitateen arteko ulermena eta adiskidetasuna sustatzeko”.