BILBO. Kanadako Red Bay udalerriak Red Bay Basque Festival jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko du 2015. urteko uztailaren 7tik 19ra. Garai batean euskal bale arrantzaleen estazio izan zen udalerriko biztanleek, Biarritz, Baiona, Donibane Lohizune, Pasaia, Donostia, Orio edo Bermeotik iritsitako arrantzaleen bizimodua nolakoa zen erakutsiko dute jardunaldietan, duela ia 500 urteko kontuak, alegia. Halaber, euskal gastronomia erakusketak eta euskal kulturarekin lotutako erakusketak izango dira.

Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, Unescok inguru hau Gizateriaren Ondare izendatu zuenetik, tokia sustatzeko ekimenak ugaritu dira Parks Canada elkartearen lanari eta Red Bayko biztanleei esker. Bertako Saddle uhartean dago inguru hartan denbora luzez baleak eta bakailaoa arrantzatzen aritzen ziren euskaldunen hilerria, badia txiki haren erdian, alegia.

Red Bayko herritarrek hainbat antzezpen egiten dituzte bisitarientzat, esate baterako, Joannes euskal arrantzalea eta bere emazte Anneren kontakizuna: XVI. mendean euskal portuetatik Newfoundlans eta Labrador kostaldeetara nola joaten ziren, batez ere St. Johns eta Red Bay aldeko portuetara.

Aurtengo udan, Unescoko ordezkariak eta Kanadako zein Labrador-Newfoundlandseko gobernuetako ministroak bertan direla, euskaraz, frantsesez eta ingelesez idatzitako hiru plaka handi ipini zituzten Wanita Stone alkatea buru izan zuen ekitaldian; halaxe izendatu zuen Unescok inguru hori Gizateriaren Ondare. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari saria eman zion Selma Huxley Barkham ikerlariari, haren lana ezinbestekoa izan baita kostalde horietan etengabe egin dituzten aurkikuntzetarako.

2015eko III. Red Bay Basque Festival jaialdiak Kanadako udalerri horretako historia eta kultura zabaltzeko balioko du, bai eta inguru hori turistikoki sustatzeko ere Kanadako gainerako inguruetan.