BILBO. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegua erregulatzeko 64 espediente izapidetu zituen joan den azaroan, hau da, urrian (88) baino %27 gutxiago eta 2013ko hilabete berean (173) baino %63 gutxiago. Azaroko 64 espedienteetatik 50 (%78) lehenagoko baten jarraipena izan ziren eta 641 langileri (%79) eragin zieten.

Jaurlaritzako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, etendura espedienteak 35 izan ziren, lan jardunaldia murriztekoak 24 eta iraungitze espedienteak 5. Etendura espedienteek 422 langileri eragin zieten, iazko hilabete berean baino %66 gutxiagori; lan jardunaldia murriztekoek 154 langileri (%-68), eta iraungitze espedienteek 65i (iaz baino %12 gutxiagori).

Sektoreei dagokionez, azaroan, lehen sektorean, enplegua erregulatzeko espediente bat izan zen, eta eraikuntza, industria eta zerbitzuak sektoreetan, berriz, espedienteen ehunekoa aurreko

hilabeteetakoaren antzekoa izan zen.

Gaur egun, 11.074 langileri eragiten dieten 964 espediente daude indarrean, eta espediente horietatik 766 (%79) aurreko baten jarraipena dira. Espedienteek gehien kaltetutako eskualdeak Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostialdea dira.