BILBO. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek eta Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidenteorde Solange Ménivalek bi gobernuek osasunaren eta zahartzearen berrikuntzaren alorrean elkarrekin lan egiteko memoranduma sinatu dute Bilbon asteazken honetan. Akordioaren helburua Euskadik eta Akitaniak esperientziak partekatzea eta indarrak batzea da.

Hala, osasunaren eta zahartzearen berrikuntzaren arloan elkarrekin jardungo dute, bilakaera demografikoaren behar berriei erantzuteko. Izan ere, helduen eta gaixo kronikoen kopurua nabarmen handitu dira, eta sinergiarekin, Europako bi eskualdeen garapen ekonomikoari, sozialari eta kulturalari lagundu nahi diete.

Darponen hitzetan, profil demografikoaren eta patologikoaren bilakaera "benetako erronka" da, "baita aukera ekonomikoa ere, zahartze onak eta osasun onari eusteak hainbat desafio eragiten dituztelako".

"Gaur -esan du-, Euskadik eta Akitaniak elkarrekin lan egiteko modua sortzea hitzartu dute, hainbat arlotako ikerketa bultzatzeko, besteak beste, gaixotasun kronikoen tratamenduak hobetzeko eta kausak eta ondorioak gutxitzeko, osasunez zahartzeko eta autonomiari eusteko, sektore horietan lanpostuak sortzeko industria eta ikerketa sarea sortzen laguntzeko eta gaixotasun kronikoen zaintzak eta arreta hobeto koordinatzeko".

Bestalde, Ménivalek azaldu du osasuna dela François Hollande Frantziako presidenteak iragarritako "hiru lehentasun estrategikoetako bat", eta Akitaniak bere aurrekontuaren %10 bideratzen duela ikerketara. Horrela, Akitanian lan egiten duten 12.000 bat ikertzaile dituztela, eta haietako 2.000 inguru osasunean eta beste 1.000 osasunarekin loturiko esparruetan lan egiten dutela azpimarratu du.

ELKARLANERAKO TRADIZIOA

Memoranduma osasunaren arloko elkarlanerako tradizioaren emaitza da, Akitaniak Euskadiko osasun politikekiko eta sistemarekiko interesa erakutsi izan duelako. Gainera, bi eskualdeek antzeko ezaugarri demografikoak, sozialak eta kulturalak dituzte, eta erronkei era ezberdinetan aurre egin arren, elkarren osagarri dira.

Akitaniak 3,2 milioi biztanle eta Euskadik 2,1 milioi biztanle dituzte. Akitaniak 500.000 gaixo kroniko ditu eta 2040. urtean 60 urteko pertsonen kopurua %70 handiagoa izango da. Hala, egun biztanleriaren %28 diren 60 urtetik gorakoak %38 izango dira, eta %12 diren 75 urtetik gorakoak %19.

Era berean, aurreikuspen demografikoen arabera, Euskadin, 2020an, biztanleriaren %26,5ek 64 urtetik gora izango ditu, eta 84 urtetik gorako biztanleria %100 baino gehiago handituko da. Gaur egun, Euskadiko herritarren %38k gaixotasun kroniko bat edo gehiago ditu, eta haien kopurua bikoitza izango da 2040an.

EKINTZAK ETA LANTALDEA

Memoranduma ekintza plan baten bidez garatuko dute bi gobernuek. Hasieran, hiru jarduera arlo izango ditu, eta beraz, hiru lantalde sortuko dituzte: paziente kronikoen osasun arretaren ibilbidea eta informazio sistemak antolatzekoa; gaixotasun kronikoak (batez ere, diabetesa eta onkologia) eta zahartzea ulertzea, epidemiologiari buruzko ikerketa gaitasunak erabiliz; eta gaixoen eta zaharren arreta anbulatoriorako eta etxeko zaintzarako berrikuntza eta gailu berriak.

Hiru lantalde horiek osasun sistemaren agintariek, hainbat diziplinatako ikerlariek eta industrietako ordezkariek osatuko dituzte. Lehen lantaldea abian dago jada; informazio sistemekin eta ikerketa sarearen mekanismoarekin oso lotuta dago, eta profesionalen partaidetza eta trukea (bisitaldiak) eskatzen ditu.

Horrela, lehen trukea 2014ko ekainean izan zen. Akitaniako ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu zuen Osakidetzaren lehen mailako arretaren funtzionamendua, zehazki, arnas gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen telemonitorizazio programa. Gainera, Euskadiko osasun karpetaren funtzionamenduari buruzko informazioa jaso zuten; horren bidez, pazienteak beren historia klinikora sar daitezke eta medikuarekin harremanetan jar daitezke.