BILBO. Urtero bezala, aurten ere hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Bi egunetan zehar -abenduaren 2an eta 3an- jai giroa izango da nagusi unibertsitateko hiru campusetan, bertso, errezitaldi, hitzaldi, lehiaketa, proiekzio, bazkari herrikoi, bakarrizketa, erakusketa, musika eta dantzekin, besteak beste.

Egitarau zabalaren baitan, EHUk nabarmendu du abenduaren 3an, arratsaldeko 19:30ean, "Gure Sor Lekua" euskarazko lehenengo filma proiektatuko dela Bizkaia Aretoan, Bilbon, musikariek soinu banda zuzenean joko dutelarik. Halaber, Jon Zarate Euskararen arloko errektoreordearen agiria irakurriko da hiru campusetan.

Horrela, Arabako campusari dagokionez, bideo maratoia, "Ika-mizka" saioa streaming bidez jarraitzeko aukera, bertso saio didaktikoa, bazkari herrikoia, euskal bakarrizketak eta Espaloian taldearen kontzertua izango dira abenduaren 3an.

Bizkaiko campusak eskaintza zabalagoa izango du. Horrela, abenduaren 2an, Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan (Leioan), Andoni Egaña eta Xabier Lizaso arituko dira "Bi arreba" ekitaldian, eta ondoren, Jon Kortazar irakaslea bere ikasleekin eta Harkaitz Cano errezitaldi batean.

Abenduaren 3an, toki berean, "Kalapitxixatu hadi!" ekitaldiak egingo dira ikasleen partaidetzarekin. Goizean zehar musika eta animazioa izango dira, eta egun osoan, "Bost baietz" lehiaketa eta ginkana.

Halaber, abenduaren 3an, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (Leioan), egun osoan eta toki ezberdinetan, fakultateko ikasleek sortu duten "Euskomorfosia" bideo musikalaren emanaldia izango da. Halaber, flashmob bat eta mosaiko bat Mikel Laboa plazan, eta Galder Perez, Esther Uria eta Oihan Vegaren bakarrizketak fakultateko eskailera zurietan izango dira.

Horrezaz gainera, Leioako Ostalaritza Eskolan euskal bazkaria izango da musikaz alaituta, eta euskarazko leloaren lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ospatuko da abenduaren 3an.

Bestalde, egun berean, Bilboko Bizkaia Aretoan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, "Gure Sor Lekua" euskaraz egindako lehenengo filma proiektatuko da, musikariek soinu banda zuzenean interpretatuko dutelarik.

GIPUZKOAKO CAMPUSA

Azkenik, Gipuzkoako campusak ere jarduera ugari izango ditu abenduaren 3an bere gune ezberdinetan. Horrela, Donostiako Erizaintzako Eskolan photocall espazio bat izango da, eta euskararekin lotutako irudikapen onenak sarituko dira. Gainera, "Ika-Mizka" saioa egingo da eta streaming bidez zabalduko da, eta euskal pelikulen proiekzioak etengabe izango dira goizean zehar.

Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, "Mozorrotzea ez da disfrazatzea: inauteriak, eske errondak, aurpegi baltzituak, arketipoak, joaldunak eta neguko festetako beste kalentura batzuk" hitzaldia eskainiko du Oier Araolazak.

Halaber, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan Miguel Garai arkitekto eta irakasle ohiaren obraren erakusketa antologikoa inauguratuko da eta bere liburua aurkeztuko da. Ondoren, Miguel Garaik berak hitzaldia eskainiko du.

Bukatzeko, Carlos Santamaria Zentroko Liburutegia, erakusketa bibliografikoak izango diar ikusgai: "Mariasun Landa. Ipuinak & itzulpenak" eta "Euskarari ekarriak. Munduko literaturak euskaraz".

Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan ere izango da zer ikusi eta zer entzun, hala nola kalejira eta euskal musika, bertsolariak, euskal dantzak eta soinu jotzaileak, pintxoak eta edariak.