bosgarren Mapa Soziolinguistikoaren emaitzek eta datuek era guztietako interpretazioak izan dituzte aurreko egunetan. Normala da honelakoak gertatzea. Korapiloz beteriko gorabehera konplexua baita euskararena, ez baita erantzun eta soluzio magiko eta bakarreko auzia. Eta hor, jakina, bakoitzaren aurreiritziek eta usteek ere pisu handia dute. Ziurrenera errazegi ahazten dugu gurean gertatzen ari diren aldaketa soziodemografiko eta kulturalek, bizi-ohituretan eta balioetan gertatzen ari diren aldaketek euskararen bilakaeran duten eragin erabakigarria.
Euskararen etorkizuna inoiz baino gehiago eta nabarmenago dago gure esku.
Hauxe da, niretzat, V. Mapa Soziolinguistikoak agerian jartzen dizkigun ondorio guztien artean ondorio nagusia. Komeni zaigu saihestea autoatseginkerian nahiz arrangura edo ezkortasunean oinarrituriko diskurtsoak, eta jabetzea euskararen etorkizunaren giltza euskal herritarrengan dagoela, eta bereziki euskal hiztunengan.
Gauzak honela, aipatu beharra daukat, hogeita hamar urteotan EAEn sustatu den euskara biziberritzeko prozesua hazkunde jarraitu baten kronika dela. Goranzko lerroa irudikatzen duen kontakizuna, hain zuzen ere. Horren froga, datu batzuk. Gaur egun, herritarren %36,4k badaki ongi euskaraz, eta duela 30 urte %22k bakarrik zekien. Lehen, herritarren 2/3 ziren euskaraz tutik ere ez zekitenak, gaur egun, ordea, %44 dira erdaldun hutsak direnak. Hau da, euskaldunen ehunekoak 14,5 puntuko hazkundea izan du 30 urteotan. Hazkundea are azpimarragarriagoa da urte-tarte berean biztanleria oso gutxi hazi delako, %1,7 zehazki (hazi dena etorkinei esker hazi da: 145.256 etorkin dira gure artean). 1981. urtean baino 38.000 biztanle gehiago bakarrik daude gaur egun EAEn, baina 318.000 euskaldun gehiago.
Gainera, 25 urtetik beherako herritarrei erreparatzen badiegu, hazkundea ikaragarria da. Duela urte batzuk ezinezkotzat joko genukeen zerbait. Gaur egun, gazte horien %73 da euskalduna, eta duela 30 urte ez zen %20ra iristen. 15 urtetik beherakoetan, berriz, %81 da euskalduna. Honela, 30 urteotako bilakaerak gutxi gorabehera modu berean jarraitzen badu, ez da ameskeria hogei urte barru, euskal gizartearen 55 urtez azpiko biztanleriaren %70etik gora euskalduna izango dela pentsatzea, gertagarria den errealitate bat baizik. Bestalde, euskararen erabilerak ere gora egin du azkeneko 30 urteetan. %7, hain justu. Batez ere esparru formaletan egin du gora, eta askoz gutxiago ez formaletan. Lagunen artean, familietan ez bezala, gora egin du, apalki bada ere.
Batez ere hezkuntza sistema izan da hau guztia posible egin duena. Eta euskaltegietatik burutu den lana ere aipatu behar da, hauek ere, neurri apalagoan bada ere, hazkunde honen konstruktore baitira.
Kontua da gaur egungo euskaldunen perfila ez dela duela 30 urtekoa; erabat ezberdina da, eta honek ere badu zuzeneko eragina Mapak eskaintzen dizkigun datuetan. Adibide batzuekin garbi ikusiko da perfilen aldaketa. 30 urtez azpiko euskaldunen gehiengoa -hamarretik sei- euskaldun berria da, eta gaur egungo euskaldunen erdia baino gehiago Euskadiko 6 udalerri handienetan bizi da (Bilbon, Gasteizen, Donostian, Getxon, Irunen eta Barakaldon). Toki hauetan guztietan, elebidunen kopurua ez da %50era iristen, Barakaldon ezta %20ra ere; eta, hau dela eta, euskaraz mintzatzeko aukerak txikiagoak dira.
Hau guztia ez da sekula euskararen historian gertatu. Sekula ez.
Eta honek guztiak, nola ez, badu euskararen erabileran zuzeneko eragina. Izan ere, bi faktore nagusitzen dira elebidun batek hizkuntza bat edo beste bat aukeratzerakoan, norberaren hizkuntza ohitura errotuekin batera, noski: alde batetik, euskara erabiltzeko erraztasuna erdararekin konparatuz (euskaldun berriek erraztasun gehiago izaten dute, normalean, gaztelaniarekin) eta, bestetik, inguruan dauden euskaldunen kopurua (zenbat eta euskaldun gehiago egon, orduan eta aukera gehiago egongo da euskara erabiltzeko).
Noski, faktore horiek etxeko erabileran ere nabaritzen dira, beste inon baino gehiago gainera. Eta hau da egunotan atentzioa deitu duen datuetako bat: puntu bat jaitsi da hogei urteotan. Nola da posible etxeko erabilerak beheranzko kurba bat marraztea? Etxean beti edo ia beti erabiltzen da etxeko guztiek ezagutzen duten hizkuntza. Aitak edo amak euskaraz ez badaki eta seme-alabek bai, seguru aski, beren artean erabiliko duten hizkuntza gaztelania izango da eta ez euskara. Gaztelaniaz euskaraz baino hobeki konpontzen diren euskaldun berriek gaztelania erabiltzera jotzen dute normalean. Eta hau, batez ere, eremu ez formalen artean nagusiena den eremuan gertatzen da. Hots, etxeko esparruan. Etxeko harremanetan da beste inon baino nahitaezkoago denek euskaraz jakitea euskaraz egiteko.
Kontuan hartu behar da, baita ere, gero eta familia nahasi gehiago daudela (umeek bai baina gurasoek euskaraz ez dakiten familiak, edo bikote mistoak, adibidez). Jakina da egungo euskaldunek lehengoek baino euskara gutxiago erabiltzen dutela. Arrazoietariko bat da duela 30 urteko euskaldun gehienak euskaldunekin erlazionatzen zirela. Euskaraz zekitenekin, ulertzen da. Gaur egun, ordea, ohikoagoa da gure arteko erlazioetan euskaraz dakitenekin eta ez dakitenekin erlazionatzea, baita euskaldun zaharrak ere. Harremana ezberdina da.
Familia eta lagunarteko hizkuntza tipologia aldatu egin da. Honi guztiari gehitzen badiogu euskaldun hauen artean gero eta gehiago (gazteen artean dagoeneko gehiengoa) euskaldun berriak direla (gaztelania euskara baino gehiago menderatzen duten euskaldunak, kasu askotan) eta gaztelaniaz jarduteko ohitura dutela, erraz ohartuko gara hizkuntzaren erabileran zuzeneko eragina gertatuko dela. Lehen hizkuntzarekiko lotura afektibo eta emozionala bigarrenarekiko baino handiagoa izan ohi da, eta horrek ere erabileran duen eragina ez da gutxiestekoa.
Paradoxikoa da: ikaragarri hazi da gutxienez kideren bat euskalduna duten familien kopurua, euskararen hazkundearen mesedean; baina, aldi berean, euskaldunen gero eta proportzio altuagoa da familia eta lagunarte mistoetan bizi dena, euskaldunen kontzentrazioaren kaltean.
Euskararen ezagutzan hazten jarraitzea alboratu gabe, euskararen erabilera sendotzea dugu erronka nagusia, batez ere esparru ez-formaletako erabilera, etxeko eta harreman pertsonaletako erabilera. Hori ezin da arautu, are gutxiago inposatu, baina bai elikatu eta sustatu. Euskararen bizi-indarra daukagu jokoan, bigarren mailako hizkuntza beharrean ohikotasunez erabiltzen den hizkuntza bizia izatearen partida, alegia. Sustatu behar da esparru ez akademikoetako erabilera, arreta berezia eta lehentasuna gazte euskaldunengan jarriz. Horra hor gure gaurko eta etorkizuneko erronka nagusia.Hizkuntza Politikarako sailburuordea