gasteiz. Joan den urteko ekainean, Bernat Etxepareren agindua -Euskara, ialgi adi mundura- betetzeko ardura bere gain hartu zuenetik, lan eskerga izan du Goenagak mahai gainean. Lortutako gauzen zerrenda aipatzen hasi eta abiada bizia hartzen du institutuko zuzendariak. Egin beharreko gauzen karpeta, hala ere, ez du ezkutatzen. Ezta parean dituen desafioek eragiten dioten grina ere.
"Mundua euskaldunago egitea". Helburu hori aipatu zenuen, besteak beste, Etxepare Institutuaren egoi-tza aurkeztu zenuenean. Emaitzak ikusten ari zarete dagoeneko?
Ardura hau hartu nuenetik urtebete igaro da eta jendea hasi da Etxepare zer den ezagutzen. Egitura gorpuzten ari da. Gure bidea eta gure helburua euskara ezagunagoa egitea da, baina ulertuko duzu oraindik zenbat lan dagoen egiteko...
Erakundearen motorra zenbateko abiaduran doala esango zenuke?
Egoera konplikatuan gaude. Sartutakoan lan eskari bat jarri genuen abian eta langileak behin-behineko egoeran hartu ahal izan genituen. Langile probisionalak dira, horrek dakarren guztiarekin. Lan talde definitiboa, berriz, datorren urritik aurrera izango dugu. Hamar pertsona horiekin hasi beharko dugu gauzak modu finkoan antolatzen.
Lan administratiboak ere denbora asko kendu dizue, beraz.
Lan paraleloak izan dira. Antolakuntza, deialdi guztiak atera, arauak prestatu, lehen auditoria pasa dugu... Hori dena kontuan hartuta, beste guztia ateratzen ere saiatu gara.
Institutuaren norabidea ere ezarrita dago jada?
Gogoeta egitea tokatu zaigu. Zer egin, non egon nahi dugun, zer bultzatu behar dugun... Deialdien analisi bat ere egin dugu... Horren ondoren, plan estrategikoa isten ari gara. Bitartean, Veneziako Bienalean izan gara orain dela gutxi, Guadalajarako Ferian (Mexiko), Pariseko Different! jaialdian, Alemanian... Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzarekin urrian Madrilera joango gara... Ez genuen antolakuntzan bakarrik geratu nahi. Hori izan da gure irrika.
Etxepare alderdi politikoen arteko lehiatik kanpo uzteko eskaria zabaldu nahi duzu.
Berdin da zein dagoen gobernuan, Etxepare egoera horien gainetik egon behar da. Amerikar mentalitatea izango da agian, baina alderdiek beren lana egin behar badute ere, kulturaren biziraupena horren gainetik egon behar dela uste dut.
Ez da erraza Euskal Herrian mezu hori finkatzea. Jendeak ulertu duelakoan zaude?
Ekintzekin ikusiko da hori. Saiatu gara horretan; gainera, alde guztietan ditugu lagunak. Inoiz ez gara alderdien politikan mugitu. Baina inportanteena da zein lan egiten ari garen eta hori martxan jartzea. Hori da nire kezka eta nire lan nagusia. Bizitza uzten ari gara hemen.
Kostatzen ari zaizue institutuaren existentzia eta lana gizarteratzea?
Ez. Nik uste nuen zailagoa izango zitzaigula. Zorionez, ez da hala izan. Etxepare izenak ematen dizun erreferentzia ez da hain nabarmena. Euskararen arloko adituek badakite zein izan zen Bernat Etxepare, baina beste jende askok ez. Eta hemendik kanpo ere ez: "Et-xepare" esaten digute. Lan horretan guretzat fundamentala izan da elkarlana. Eta horren parekotasunagatik lortu dugu jendeak berehala identifika-tzea. Cervantes eta Llullekin dugun harramana tarteko, jendearentzat "el Cervantes, el Llull vasco" gara.
Eta kulturgileek, sortzaileek, badakite zer den Etxepare?
Denbora eman behar diogu garbi edukitzeko zein potentzialtasun izan dezakeen. Oso garrantzitsua da kulturan dabilen jendeak ezagutzea zein deialdi dauden. Esate baterako, berriki Artistas en Ruta programa aurkezpenean egon ginen, musikarien birak antolatzeko. Hori bultzatu behar dugu. Euskal Herriak duen potentzialarekin eduki beharko genituzke 200 disko mahai gainean, deialdi horretarako.
Kultura mundua hurbildu zaizue?
Izendatu nindutenetik igual 200 baino bilera gehiago eduki ditut sektore ezberdinekin. Jende pribatuarekin, proposamenak eta galderak egin nahi zituztenekin. Oso inportantea zen, beharrei eta erronkei buruzko diagnosi bat egiteko, gure ateak irekita edukitzea eta jendearen proposamenei zabaltzea. Hor ere ulertu behar da nahiko genukeena baino gutxiago garela, ez garela hamalau. Baina kultura munduko jendeari esaten diot insistitzeko, hor egoteko, saiatzeko. Ekarpen guztiak entzuten ditugu.
Nola bideratuko da parte-hartze hori. Guztia deialdien bidez?
Hiru hanka dauzkagu, oso inportanteak. Irakurleen atala, euskara bultzatzeko arloan katedrak, seminarioak... Eta kulturaren arloan deialdiak eta ekitaldiak dauzkagu. Batzuetan jendea etortzen zaigu eta besteetan gu joaten gara bila.
Deialdien sistema horrek ez die bizkortasuna kentzen ekimenei?
Datorren urteari begira deialdi arinago batzuk aurkeztu nahi genituzke. Baina zergatik deialdiak? Alde batetik, horrela sortzaileei buruzko informazio bat jasotzen dugulako. Gainera, kontrola behar da, diru publikoa delako eta alde horretatik zuhurrak izan behar garelako. Era berean, informazio hori web bitartez bideratu nahi dugu. Artistek konta dezaten zer moduz joan den, zer egin duten. Askotan sortzaileek gauza interesgarri bat egiten baitute, hainbat jenderekin egindako lan bat, baina ezin dute gehiago konpartitu.
Kanpoan, atea jo duzuen lekuetan, zer moduz hartu dute Etxepare?
Oso ondo. Badakizu zer nolako suertea daukagun? Euskara jakinmina eta miresmena sortzen duen hizkuntza dela. Askotan ez gara konturatzen horretaz. Hala ere, batzuetan hemen uste dugu altxor horrekin ate guztiak zabalik ditugula. Baina ate hori jo egin behar da! Ate automatikorik ez dago (barreak) eta lan hori egin behar da.
Txikitasuna oztopo da zabalkunde horretan?
Oso argi dago. Mundua oso handia da. Hasieran, jendeak esaten zigun: hor daude euskal etxeak. Baina horiek elkarteak dira. Potentzial hori aprobetxatu behar dugu, baina helburua ez da erakusketa bat egitea Argentinako euskal etxe batean, baizik eta hango azoka batean.
Guggenheim aipatu izan da, euskara azpimarratu duzu... zein amu gehiago ditu euskal kulturak?
Potentzial ikaragarria dugu artearen arloan. Oso artista onak dauzkagu munduan, tradizio bat baita ere, eta haien laguntza jaso dugu. Munduan zehar dabiltzan sortzaile eta artistengana jotzen dugunean, laguntza eske, mundu guztiak laguntza eskaintzen digu.
Gaur egungo sortzaileek gogo gehiago dute kanpora irtetzeko?
Guk pentsatzen dugu orain hasi dela jendea kanpora begira. Baina beharra beti egon da. Balenciaga hor egon zen, Elkanok munduari buelta eman zion... Guk jendeak egiten duen bide hori ordenatu behar dugu. Beti egongo da jendea gure beharrik ez duena, baina beti erraztu dezakegu hori. Sortzaileek sortu egin behar dute eta ez munduan zehar ate joka ibili. Lan hori guk hartuko dugu gure gain.