BILBO. Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina hil da bart Gernika-Lumon (Bizkaia), 80 urte zituela, Akademiako iturriek jakinarazi dutenez. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen 1988an, eta 2006an euskaltzain emeritua izendatua izan zen.

Arana Martija Gernika-Lumon jaio zen, 1931ko martxoaren 10ean. Bertako ikastolan hasi zituen ikasketak eta gero Frantzian, erbestean. Garai horretan euskara eta frantsesa bazekizkien, baina ez gaztelera: hau izan zen bere hirugarren hizkuntza, honen beharra bederatzi urte bete arte ez baitzuen izan, bere herrira itzultzean.

1942an Seminarioan sartu zen eta hor Humanidadeak ikasi zituen. 1947an Seminariotik irten eta Valladoliden batxilergoa amaitu zuen, 1949an. Andres Mañarikuaren ikaslea izan zen Seminarioan, eta horren aholkua jarraituz, Deustuko Unibertsitatean sartu zen Zuzenbide ikasketak egiteko; Valladoliden lizentziatu zen, 1954an. Hiru urte geroago Ekonomia ikasketak egitea erabaki zuen, Bilboko Ekonomia Fakultatean.

1959an "Formica Española"-n hasi zen lanean, komertzial bezala, eta horrek Euskal Herri osoa ezagutzeko aukera eman zion. Berak esaten zuenaren arabera, egoera hau garrantzi handikoa izan zen bere bizitzan. Gero, 1963an, Astra enpresak eskaini zion lanpostua, Gernikan, eta berak onartu zuen. Bertan zegoela kartzelan sartu zuten, arazo politikoak zirela medio, eta irten zenean lanik gabe geratu zen. Orduan, bere kontura, aholkularitza bulego bat zabaldu zuen Gernikan, 1974 arte, eta urte horretan Kataluniako inbertsio enpresa batekin hasi zen lanean, 1978 arte.

1978an Euskaltzaindiak Jose Antonio Arana Martija kontratatu zuen, Azkue Bibliotekako bibliotekariorde eta arduraduna izateko. Urte bete geroago, 1979an, Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Euskaltzain oso, berriz, 1988ko urriaren 28an aukeratu zuten, Juan Gorostiagaren ordez. Sarrera hitzaldia Gernikan egin zuen, 1989ko uztailaren 28an, "Euskaltzaindiko aulkien historiaz hurbiltze bat" gaia hartuta. Aita Villasantek erantzun zion.

Euskaltzaindiaren baitan, Zuzendaritzako kide izan zen Arana Martija eta, bibliotekaria izateaz gain, Azkue biblioteka batzordeburua zen. Diruzaina ere izan zen, 1988tik 2003 arte. (2003ko abenduan dimisioa aurkeztu zuen, osasun arazoengatik). Bestetik, Argitalpen batzordeko kide zen. 2006ko uztailaren 20an, euskaltzain emeritu izendatu zuen Euskaltzaindiak.

1954an Santa Zezilia korala sortu zuen, Gernikan, lagun batzurekin, eta 1978an Gernikako Andra Mari korala ere sortu zuen. Horren zuzendaria izan zen hamar urtez. 1963an, Bogamazua zortzikotea zuzenduz, Bartzelonan grabatu zituen lau disko, euskal kantuez osatuak. 1966an, Seber Altube ikastola sortzaileetariko bat izan zen.

Madrileko Patronato de la Biblioteca Nacional, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Eusko Ikaskuntza -Musika Sailburua izan zen-, Instituto Americano de Estudios Vascos (Euskal Estudioen Ameriketako Institutua), Euskal Idazleen Elkartea eta UZEI elkarteetako kidea zen Jose Antonio Arana Martija.

Liburu eta artikulu asko eta asko idatzi zituen hainbat aldizkaritan, hala nola: 'Jakin', 'LGEV', 'Txistulari', 'Aranzazu', 'BRSBAP', 'Euskera', 'Egan', 'BIAEV', 'CEEN', 'Dantzariak', Donostiako 'Hoja del Lunes', 'Aldaba', 'Anaitasuna', 'Argia', 'Iker-2', 'Ibidem'. Auñamendi Entziklopediaren artikulu egilea izan zen. Gernikako 'Brisas Guerniquesas' izeneko aldizkaria zuzendu zuen.

Bestetik, hitzaldi asko eman zituen ere, hauetariko bat, Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitza 1991n inauguratu zenean. Orduan Bonaparte eta dialektologia izeneko hitzaldia eman zuen, eta euskalari honen euskarazko lan guztiak argitaratu zituen.

2007ko irailean, Jose Antonio Arana Martixak bere biblioteka pertsonalaren dohaintza egin zion Euskaltzaindiari. 6.000 liburu eta aldizkariz osatua dago liburutegia.

SARIAK ETA OMENALDIAK

Sari eta omenaldi ugari jaso zituen. Euskal Idazleen Elkarteak 1998an omendu zuen, beste lau adiskideekin batera (Begoña Bilbao, Karmele Esnal, Andoni Lekuona eta Txomin Peillen euskaltzaina), eta ohorezko bazkide izendatu zuen.

2002ko maiatzaren 17an "Bilboko idazleak ezagutzeko" zikloaren barruan, Bilboko Udalak, Bidebarrieta Kulturguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak omendu zuten. Omenaldian parte hartu zuten Henrike Knörrek ("Jose Antonio Arana Martika eta euskara"); Juan Antonio Zubikaraik ("Jose Antonio Arana Martija y la música vasca"); eta Joseba Agirreazkuenagak ("Euskal kulturaren inguruan").

2004ko ekainaren 8an, Bilboko Liburu Azokak Urrezko Luma eman zion, eta 2008ko ekainaren 27an, Eusko Ikaskuntzaren Musika Sailak omendu zuen Bilbon. 2010ean, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eman zioten.

2007ko azaroan, Gernikako Udal Liburutegiari Arana Martijaren izena emango diotela jakinarazi zuen bertoko Udalak. 2010eko martxoaren 13an, Gernika-Lumoko Udalak eta herriko hainbat kultura elkartek -Andra Mari Koralak, Kultura Etxeak, Gernika-Lumoko euskaltegiak, Segundo Olaeta Musika Eskolak, Julia Foruria Musika Eskolak, Gernikazarrak, Aldaba aldizkariak eta Marijesiek- omenaldia eskaini zioten Jose Antonio Arana Martijari. Omenaldi horren bitartez, esker ona adierazi nahi izan zioten "herriaren alde egindako lanagatik eta, batik bat, Jose Antoniok duen balio intelektualagatik".

Liburu, artikulu eta ikerlan ugari argitaratu zituen, bai euskararekikoak, bai eta euskal musikaz eta euskal kulturaren inguruan ere.