hendaia. Maria Bayo soprano nafarra izango da Jakiunde akademiako 44.kidea. Hendaiako Abadia jauregian atzo egin zen ekitaldian Zientzia, Arte eta Letren euskal akademiako hainbat kidek parte hartu zuten, eta Maria Bayoren izendapenaz gain, urteko osoko bilkura egin zen bertan. Mario Bayok 2002.urtean Nafarroako Gobernuaren Principe de Viana saria jaso zuen, eta 2009an, Espainiako Gobernuaren Sari Naziola.

Jakiundeko sarrera mintzaldian, soprano nafarrak bere gaztaroko garaiak oroitarazi zituen. Duela 23 urte Espainian bere arloko ikasketarik egin ezin zirenez, Detmoldeko Horschulera abiatu zen bi urtez, ahots-teknika hobetzera. Atzerrian egindako denboraldiak ekarri zion aberastasuna nabarmendu zuen bere mintzaldian.

Maria Bayok bere lanbidea kirol atletenekin alderatu zuen, biek gorputza entratu behar baitute. Gainera, lanerako tresna hau, euren ahotsa, zaindu beharra azpimarratu zuen Osasuntsu bizitzearen beharra ere aipatu zuen Bayok, bere laneko tresna gainean baitarama.

Sopranoaren hitzaldiarekin batera, bigarren mintzaldi bat ere egin zen Jakiunderen urteko biltzarraren egunean. Jean Haritxelhar euskaltzain buru izanak eta Jakiundeko kideak, euskararen egoera zertan den Ipar Euskal Herrian azaldu zuen. Itxaropentsu agertu zen Baigorriko irakaslea. "Duela 30 urte ez genuen inoiz pentsatuko euskara entzungo genuenik unibertsitatean. Aitzin urratsak eman dira, eta bagoaz aitzina pittaka-pittaka. Euskararen Erakunde Publiko bat ere badugu, eta ederki ari dela lanean iruditzen zait". Jean Haritschelhar ere pozik agertu zen Jakiunderen urteko bilera Iparraldean egin delako, eta batipat Anton Abadiaren jauregia hautatu delako: "Abadia euskal intelektual handi bat izan genuen, eta normal zen bere etxean egitea bilera hau". Bi mintzaldien ondoren, Zientzia, Arte eta Letren akademiako presidenteak urteko osoko bilerari irekiera eman zion. Bertan, Topaketak egitasmoa azpimarratu zen. Beren arloan izen handia duten ikerlariak ikastetxeetara eramatea du xede Topaketak programak, eta ikasleekin gurutzatu. Ikasleak ezagutza zientifiko, artistiko eta literariora hurbiltzea eta motibatzea du helburu. Jakin-mina da Jakiunderen bigarren egitasmo nagusia. Gaitasun intelektual handiak dituzten ikasleen kezkak, motibazioak eta trebetasunak bideratzeko formulak bilatzeko sortu da programa hau. Bi ekimen hauez gain, beste hainbat puntu landu diren ohiko biltzarrean: Jakiunderen etorkizuneko egoitza, edo finantziazioa.

Arratsaldean bi mintzaldia egin ziren Abadia jauregian: Françoiz Beaudecel, Frantziako Academie des Sciences erakundeko ordezkariak eman zuen lehena, eta ondoren Patri Urkizuk, Anton Abadiari buruz mintzatu zen luze eta zabal. Eta preseski Anton Abadiak 1851.urtean Lapurdiko Urrunan sortu zuen lore jokoetaz ere erakusketa bat ikusi ahal izan zuten Jakiundeko kideek.