baiona. Eusko Jaurlaritzak 470.000 euro bideratuko ditu aurten ere, iaz bezala, Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko proiektu eta taldeetara. Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) 2006tik duen eta aurten bukatzen den hi-tzarmenaren baitan egingo du. Kolaborazioak, dena dela, jarraituko duela eta datorren urtean akordio berri bat sinatuko dutela hitz eman zuen atzo Hizkuntz Politikarako sailburuorde Ramón Etxezarretak.

Baionan izan zen Etxezarreta EEPko lehendakari Max Brissonekin bi erakundeen arteko akordioaren 2010eko baldintzak sina-tzeko. Aurten euskararen normalizazioaren bidean lan egiten duten ekimenak laguntzeko 1,6 milioi euroko lankidetzarako fondoa izango dute, iaz baino 210.000 euro gehiago. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak 470.000 euro jarriko ditu (iazko kopuru bera) eta gainerako 1.130.000 euroak EEPk bideratuko ditu (Fran-tziako, Akitaniako, Pirinio-Atlantikoetako eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko ordezkariek osatzen dute EEP, euskal kultura sustengatzen duten herri arteko sindikatuarekin batera).

Kopuru horretatik 1,2 milioi eragile handiek jasoko dituzte, haien ohiko jarduerarekin jarraitzeko (AEK, Seaska eta Euskal Irratiak, besteak beste); beste 400.000 euro proiektu zehatzak laguntzeko erabiliko dituzte (eskaerak aurkez daitezke jada).

Gainera, aurtengo lan programak lau ardatz jorratuko dituela bereziki aurreratu zuten Brisson eta Etxezarretak. Alde batetik, 2011. urtean egingo duten inkesta soziolinguistikoaren prestaketa lanak egingo dituzte eta Ipar Euskal Herrian euskararen egoera eta bilakaera ezagutzeko asmoz, behatoki bat sortuko du EEPk. Hala, biztanleei dagozkien ezaugarriak eta irakaskuntzaren adierazleak jasoko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren EAS sistemarekin elkarlanean.

Beste alde batetik, EEPk iaz Pau, Aturri eta Bordeleko unibertsitateekin batera euskararen gaitasunaren C1 (EGAren baliokidea) mailako azterketa antolatzen hasi zen eta aurten ere egingo du deialdia. Hemendik aurrera, gainerako mailetako (A1etatik C2ra) azterketak ere antolatuko dituzte. Aurten titulo horien eta Euskal Autonomia Erkidegoan lortu daitezkeenen arteko baliokidetza zehaztu beharko dute. Eusko Jaurlaritzak duela urte pare bat onartu zituen berak antolatzen dituen (EGA, administrazioko perfilak, Haberen tituluak...) eta Europan erabiltzen diren A1 eta C2 arteko tituluen baliokidetzak.

Azkenik, lanean jarraituko dute batez ere ETB1 eta ETB3 telebista kateak Ipar Euskal Herrian ikusgai egon daitezen telebista analogikoa itzali eta formatu digitala ezartzean. Horretarako, frekuen-tzien baimenak emateaz ardura-tzen den Frantziako Ikusentzutezko Kontseiluak Paris eta Madrilen arteko akordio bat eskatu du, ETBk Frantziako Estatuko frekuentzia horietako baten bidez emititzen jarraitu ahal izateko.

jarraipena "Une zail hauetan, Jaurlaritzak diru kopurua mantendu du eta hori oso inportantea da gure hizkuntz politikarako", eskertu zuen Brissonek. Haren ustez, Jaurlaritzako gobernu berriak EEPrekin lankidetza mantentzeko azaldu zuen asmoaren froga da hori. Etxezarretak ere borondatea badagoela azpimarratu zuen elkarlanean jarraitzeko, eta 2011n hitzarmen berria sinatuko dutela hitza eman zuen: "Ez dadila zalantzarik egon, egongo da".

Max Brisson. argazkia: javi colmenero