Osakidetzak bere III. Euskara Planaren tarteko ebaluazioaren emaitzak aurkeztu ditu astelehen honetan. Prozesua iazko uztailetik aurtengo martxora bitartean egin da, 21 zerbitzu erakundetan, azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartuz, eta betetze maila orokorra "garapen ertaineko tartean" kokatu du, %53 eta %72 artean.
Indargune gisa nabarmentzen dira komunikazio korporatiboa, hizkuntza eskakizuna egiaztatu duten profesional ugari (%60tik gora) eta pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa, ia biztanle guztiek erregistratu dute euren lehentasunezko hizkuntza (%90 inguruk).
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean eman dute ebaluazioaren berri Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok, Pertsona eta Talentuen zuzendari Josune Retegik eta Hizkuntza Garapen, Ezagutza eta Plangintzako zuzendariorde Saioa Ortizek. Ebaluazioaren helburua izan da planean nahiz euskararen normalizazio prozesuan ezarritako helburu eta ekintzen betetze maila zenbatekoa izan den argitzea.
Osakidetako III. Euskara Plana 2022-2028 aldirako da, eta osasun sisteman euskararen erabilera sustatzeko esparru estrategiko nagusia da. Bere ekintzak guztiz bat datoz Osasunaren Euskal Itunaren esparruan hartutako konpromisoarekin, hau da, pertsonei erosoen dauden hizkuntza ofizialean komunikatzeko aukera bermatzea, eta profesionalen eta pazienteen arteko harremanean komunikazio hurbila eta segurua izatea, hori funtsezkoa baita osasun prozesu orori arrakastaz ekiteko.
Bada, hiru ardatz nagusitatik helduta, txostenak hizkuntza normalizazioaren aurrerapena aztertu eta aurrerapen desberdina erakutsi du. Kudeaketa sistema da ardatz garatuena (maila ertain-altua); euskarak estrategian duen integrazioa, hizkuntza eskakizunen kudeaketa eta langileen sentsibilizazioa daude bertan. Gaur egun, Osakidetzako profesionalen %60k baino gehiagok du hizkuntza eskakizuna egiaztatuta, eta lanpostuen %59k euskara du eskakizun.
Zerbitzu hizkuntza gehien garatutako bigarren ardatza da (erdiko maila), eta irudi korporatiboa (argitalpenak, ekitaldi publikoak, errotulazioa) eta erabiltzaileekiko harremanak (aurrez aurreko, telefono bidezko eta idatzizko arreta) barne hartzen ditu. Ildo horretan, nabarmendu dute Osakidetzak Euskadiko ia biztanle guztien lehentasunezko hizkuntza erregistratzea lortu duela, %90 ingururena, hain zuzen.
Hirugarrenik, lan hizkuntza garapen bidean dagoen ardatza da (oinarrizko maila), eta horrela, euskararen erabilera barne komunikazioetan, prestakuntzan eta lan baliabideetan hobetzeke dagoela erakusten du.
Zerbitzu erakundeen betetze maila aztertuz gero, emaitzek ingurune soziolinguistikoaren eragina islatzen dute, nahiz eta ez den faktore erabakigarria kasu guztietan. Donostialdea, Barrualde-Galdakao, Debabarrena eta Bidasoako ESIak dira rankingaren buru, %65etik gorako puntuazioa lortu baitute.
Gainera, lan arloen betetze maila kontuan hartuta, Gerentzia, Komunikazio eta Giza Baliabideen arloek garapen maila handia dute (%75 eta %78 artean), eta zuzendaritza ekonomikoak eta asistentzialak berriz, maila ertain-oinarrizkoan daude (%47 eta %42, hurrenez hurren). Horregatik, Osakidetzako arduradunen arabera, "lidergo partekatuaren" beharra dago, arlo bakoitzari baitagokio norbere normalizazioaren ardura hartzea.