Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du Osakidetzak aldez aurretik hitzordurik eskatu beharrik gabeko txertaketa-puntuak jarriko dituela gripearen hurrengo kanpainan.

"Nola egingo dugun hausnartzen ari gara, zein gune izan daitezkeen eraginkorrenak. Arreta populazio kalteberenetan jartzeaz gain, txertaketa ireki nahi diegu herritar guztiei, aurretiko hitzordurik gabe, txertaketa errazagoa izan dadin. Horrela orain arte iristen ez ginen publikoarengana iristea lortu dugula ikusi baitugu", azpimarratu du Martinezek gaur goizean ETB2ko En Jake saioan egindako elkarrizketa batean.

Era berean, Martínez sailburuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza "osasun sitema gero eta publikoago” izateko ematen ari diren urratsak aipatu ditu, eta nabarmendu du pertsona bakoitzeko asistentzia sanitariora bideratutako 2.400 euroetatik 66 euro baino ez direla kontzertaziorako erabiltzen.

Ekintza hurbilenen artean, Elgoibarko eta Tolosako anbulantzia medikalizatuak publiko egitea nabarmendu du, "Gipuzkoako Anbulantzietako profesionalei subrogatzeko aukera eskainiz, udalerri horietako zerbitzua publiko egin ondoren". Era berean, gogorarazi du Osakidetzak pixkanaka bere gain hartuko duela haurdunaldiaren borondatezko etenduren arreta, baliabide propioekin, eta jakitera eman du, halaber, 2026ko lehen hiruhileko honetan Tolosan ospitale publiko berria eraikitzeko lizitazioa abiaraziko dela.

Gaixotasun kardiobaskularren baheketa berria

Elkarrizketan landutako beste gaietako bat Elgoibarren pilotatuko den herritar guztiei zuzendutako baheketa kardiobaskularrari eta giltzurrun-baheketari buruzkoa izan da.

Osasun sailburuak azaldu duenez, gaixotasun kardiobaskularrak bigarren heriotza-kausa dira Euskadin, eta lehenengo kausa emakumeetan. "Aurrea hartu nahi diogu. Gaixotasun isilak dira, eta pertsona konturatu gabe eboluzionatzen dute. Horregatik, baheketa honekin gaixotasun horiek pairatzeko arriskua duten 50 eta 65 urte bitarteko pertsonak identifikatuko ditugu eta jarraipena egingo zaie. Populazio helduari zuzendutako onkologikoa ez den lehen baheketa da ", adierazi du Alberto Martinezek.