Síguenos en redes sociales:

Euskadin gripearen aurkako txertoaren 557.546 dosi eman dira dagoeneko, iaz baino % 12 gehiago, gaixotasunaren intzidentziak gora egin duen honetan eta gabonetarako gutxi falta dela

Osasun Sailaren txertaketa goiztiarreko estrategia eta Osakidetzaren gripearen aurkako kontingentzia-plana EAEko biztanleak lehenago babestea lortzen ari dira

Euskadin gripearen aurkako txertoaren 557.546 dosi eman dira dagoeneko, iaz baino % 12 gehiago, gaixotasunaren intzidentziak gora egin duen honetan eta gabonetarako gutxi falta delaPilar Barco

Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi nahi dute gripearen aurkako txertaketa-kanpainak aurrera egiten jarraitzen duela Euskadin. Abenduaren 1era arte, gripearen aurkako 557.546 txerto eman dira; hau da, aurreko urteko aldi berean baino % 12 gehiago. Gainera, COVID-19aren aurkako 292.160 dosi eman dira, eta arnasbideetako infekzioei aurre egiteko immunizazio-estrategia bateratua finkatzen ari da.

Lurralde historikoen araberako datuei dagokienez, Bizkaian eman dira txerto gehien, 310.092 dosi guztiraAraban 78.978 dosi eman dira, eta, azkenik, Gipuzkoan, 170.797.

Bestetik, adinekoen egoitzetan, emandako txertoen kopurua oso altua izan da: % 84 gripearen aurka eta % 72 COVID-19aren aurka; hau da, 17.244 eta 14.794 dosi eman dira, hurrenez hurren.

Haurdun dauden emakumeen artean, txerto-estaldura % 52,3koa izan da. Horrek esan nahi du 2024ko guztizko kopuruak gainditu egin direla; hain zuzen ere, 3.650 dosi eman dira abenduaren 1era arte.

6-59 hilabeteko haurren artean 25.527 dosi eman dira, estalduraren % 38,9. Txertaketaren datuen arabera, abenduaren hasieran lortu da 2024an erdietsitako txertaketa-estaldura, eta orain soilik gelditzen da estaldura handitzen joatea, kanpaina amaitu arte.

Era berean, profesional sanitarioen artean –horiek ere xede-talde nagusietako bat dira–, gripearen aurkako 13.743 txerto-dosi eman dira guztira; beraz, iaz baino % 20 dosi gehiago.

Intzidentzia handitzen doa

Datuak datu, gripearen intzidentziak gora egiten jarraitzen du Euskadin. Aurreko astean, 238 kasu zenbatu ziren 100.000 biztanleko, eta aste honetan 357,87 kasutara iritsi gara. Lurraldeen datuei dagokienez, intzidentzia ere handiagoa da Bizkaian; zehazki, 443,08 kasu 100.000 biztanleko, eta zertxobait txikiagoa Araban eta Gipuzkoan, 322,27 eta 239,05 kasu baitituzte, hurrenez hurren. Aurreko astearen aldean, beraz, intzidentzia % 50,42 igo da Euskadin; izan ere, nabarmen handitu da Bizkaian eta ia bikoiztu Araban eta Gipuzkoan. Egoera ikusita, ematen du kasuen kopuruak gora egingo duela datozen asteetan, kutsatzeak ugaritzen ari direlako eta Gabonetako ospakizunetan jendea elkartuko delako. Aurreko urteko intzidentzia 100.000 biztanleko 127,60 kasukoa zen, 2024ko abenduaren hasieran.

Orain arte, Osakidetzako ospitale-sarean 1.534 gripe-kasu artatu dira eta 172 ingresu egon dira, horietatik 5 zainketa intentsiboen unitateetan (ZIU). Kopuru hori 2024an aldi berean erregistratutakoa baino askoz ere handiagoa da; izan ere, garai horretan 660 kasu eta ospitaleko 26 ingresu egon ziren, eta ez zen ingresurik egon ZIUn. Beraz, argi dago aurten gripearen birusak aurreratzeko joera duela.

Ospitaleetako oheen % 79 dago beteta, une honetan. Duela bi asteko egoerarekin alderatuta, % 4 igo da.

Txertaketa goiztiarreko estrategia eta Gripearen aurkako kontingentzia-plana

Osakidetzak, aurten, aurreratu egin du herritar guztientzako txertaketa-kanpaina eta aste batzuk lehenago ekin zion horri. Urriaren amaieran, bat-bateko immunizazio guneak ireki zituen, hala nola Bilboko Casillako Errefortzuko Txertaketa-gunea. Horri esker, EAEko biztanleek lehenago jaso dute gripearen aurkako babesa.

Estrategia hori eta gripeari aurre egiteko Kontingentzia-plana konbinatzeari esker (124 ospitale-ohe gehiago erabiltzen ari dira gaur egun), asistentzia-presioari eutsi ahal izan zaio, Osakidetzako jarduera kirurgikoari eragin gabe. Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak astean behin ebaluatzen du egoera zaintza epidemiologikoko eta jarduera asistentzialeko datuekin, behar izanez gero, egoerari aurrea hartu eta berrantolaketa egiteko.

Osasun Sailak eta Osakidetzak, beste behin, prebentzio-tresna gisa txertoa jartzearen garrantzia azpimarratu nahi dute, batez ere arrisku handieneko taldeetan: haurdun dauden emakumeetan, 5 urtetik beherako haurretan eta 60 urtetik beherako gaixo kronikoetan.

Era berean, kontuan izanda gripe-intzidentzia handiko une batean gaudela, Osakidetzak prebentzio-neurriak mantentzea gomendatzen du, hala nola distantzia fisikoa, aireztapena, eskuen higienea, eta maskara erabiltzea sintomarik izanez gero, bereziki Gabonetako ospakizunetarako hain gutxi falta den honetan.