Covid-19ak, nostalgiaren grina areagotu du
Covid-19ak geroztik, nostalgia areagotu eta horren bidez kontsumitzeko tendentzia handitu da. Iraganera bueltatzea kontsumo-joera bihurtu da azken urteetan
Urteak pasa dira Covid-19ko pandemiatik. Osteko garai hori gaur egunera arte heltzen da. Nahiz eta gauzak normaltasunera bueltatu diren, pandemiaren eragina betirako geldituko da gure artean, modu batean edo bestean. Pandemia osteko garaian, mundua geldiarazi zuen isiltasunak eta etorkizunari buruzko ezjakintasunak iraganarekiko gosea piztu zuten. Puntu batera arte, iraganean bilatu genuen babes emozionala, eta askok haurtzaroko oroitzapenetara jo genuen babes bila. Telebistan, zineman eta sare sozialetan, nostalgia bihurtu zen ihesbide. Nork ez zuen itxialdian aprobetxatu duela urte asko ikusitako serie bat berriz ikusteko? Gogoko zuen iraganeko pelikula bat disfrutatzeko?
Nostalgian aurkitu genuen ihesbide hori, negozio ere bihurtu zen. Azken urteotan, kultura-industriak fenomeno hori kapitalizatu du. Ez da kasualitatea Disneyk bere klasiko handiak berriro merkaturatzea indarra hartu duen live action generoaren bidez. Adibide bezala ditugu The Lion King, The Little Mermaid edo Aladdin pelikulak. Noski, Covid-19a ez da nostalgia pizteko faktore bakarra, baina Susana Astuy psikologo klinikoak dioen bezala, eragin handia izan zuen: “Azken finean ez genekien zer gertatuko zen, eta emozio eta sentimendu negatiboak alde batera uzteko beharra genuen. Nostalgian aurkitu genuen moduan, suspergarria zelako bisitatzea iraganean gustatzen zitzaizkigun gauza horiek”. Susana Astuyk, gainera, gehitzen du momentu horretan denbora geneukala horretaz disfrutatzeko, eta behin garai hori pasata, gure bizitzan gelditu dela elementu suspergarrien beharra: “Ohiko erritmoa errekuperatu genuenean, iragana bisitatzea ohitura bihurtu zen, pandemia garaian eskaintzen ziguna ere aplikagarria bihurtu zelako gure ohiko egunerokotasunean”.
Astuyk aipatzen duen fenomenoa ez da zinemara mugatzen. 2000ko hamarkadako modak eta objektuak ere modan daude. Garai hobeagoak zirelako dira suspergarriak gure iraganeko gustuak? Astuyk dionaren arabera, ez daude irizpide indibidualik garai hobeak izan ziren edo ez aztertzeko, baina nostalgiaz berrikusten dugu iragana, eta horregatik gogoratuko dugu, ziur asko, izan zena baino zerbait positiboagotzat, orainak pizten uzten dizkigun sentimendu negatiboak alde batera utziz.
Nostalgiaren berpizkunde hau ez da soilik moda bat. Gizartearen egoera emozionalaren ispilu ere bada. Covid-19aren ondorengo aldaketa sozial eta ekonomikoek oraina zalantzaz betetako lurralde bihurtu dute, eta, horren aurrean, oroitzapenek segurtasunaren itxaropen eskaintzen dute. Iraganera itzultzea, askorentzat, etorkizunaren aurrean arnasa hartzeko modu bat bihurtu da.
Zer da nostalgiaren fenomenoa?
Nostalgia ez da berria den zerbait, baina haren esanahia aldatu egin da denborarekin. Hasiera batean gaitz psikologikotzat hartzen zen: etxetik urrun zeuden pertsonek jasaten zuten “etxerako mina” zen. Gaur egun, ordea, iraganarekiko atxikimendu emozional modura ulertzen da, plazer eta segurtasun sentsazioa pizten duen sentimendu konplexua.
Astuy psikologoaren arabera, “nostalgia babes-mekanismo emozional bat da”. Garai zailetan, oroitzapenek identitatea indartzen dute eta gure bizitzaren jarraikortasuna bermatzen dute. Horregatik, pandemia bezalako une traumatiko baten ostean, iragana idealizatzeko joera areagotu zen: jendeak oroitzapen positiboetara jo zuen etorkizunaren ziurgabetasuna orekatzeko.
Soziologikoki ere aztertu daiteke. Fenomeno hori ikuspegi kolektibotik aztertzen dute. Gizartearen aldaketa azkarrak (digitalizazioa, klima-krisia, lanaren prekarizazioa) desorientazioa sortzen du, eta nostalgia bihurtzen da komunitatearen lotura berria. Iragan komuna gogoratzeak “elkartasun emozional” moduko bat sortzen du, non denek partekatzen duten oroitzapen bat. Mikel García soziologoak, errutinaren teorian espezializatuta, momentuko fenomenoaren bidez azaltzen du kasu hau: “Adibiderik onena La Oreja de Van Gogh taldearen itzulera da. Denok taldearen itzuleraren bidez bueltatzen gara 2000. hamarkadara, urte horiek gogoratzera, gure nortasunaren zati bat irrikatuz, itxuraz itzuli zaiguna”. Nostalgia horren atzean, merkatu handi bat sortu dela gogorazi du soziologoak: “Agerikoa da gizartearen noraez sozial honetatik, batez ere kulturaren arloan, dirutza ateratzen ari dela”.
Astuyk eta Garcíak bat egiten dute nostalgia sentimendu bat bakarrik ez dela aipatzen dutenean. Notalgiak boterea du gure hautuak gidatzeko. Gure oroitzapenek gaur egungo gustuak eta balioak moldatzen dituzte, eta horrek azal dezake zergatik funtzionatzen duten hain ondo iraganeko edukiak berriro merkaturatzea. Izan ere, iragana ez da benetan itzultzen: berrinterpretatuta dator, gure gaur egungo behar emozionaletara egokituta.
Nostalgia industria bihurtuta
Iragana, gaur egun, produktu bihurtu da. Kultura-industriak (batez ere zinema, telebista eta publizitatea) jabetu dira nostalgiak dirua mugitzen duela. Ez da soilik oroitzapenak piztearen kontua: zirrara hori merkaturatzeko gaitasun handia du, eta markek jakin dute hori baliatzen. Mikel Garcíarentzat adibide onena musika jaialdiak dira: “Gaur egun, jaialdi batzuetan kartelburu diren taldeek ez dute diskorik atera urteetan, eta 2000. hamarkadako pop espainiarreko taldeek jotzen dute espazio horietan. Gainera, publikoa ez doa bere musika berriaren zain, baizik eta talde horrek bere gaztetako abestia jo dezan”. Gaur egun, nostalgiari aipu egiten dioten jaialdiak sortu dira, besteak beste, @nostalgiamilenial Instagram kontutik garatu den Nostifest.
Marketinaren ikuspegitik, nostalgia tresna eraginkorra da kontsumitzailearen konfiantza irabazteko. Enpresek badakite emozio positibo bati lotutako irudia (adibidez, haurtzaroko jostailu bat edo haurtzaroko pelikula bat) segurtasun eta egiazkotasun sentsazioa sortzen duela. Horregatik, marka askok beren kanpainetan iraganeko erreferentziak erabiltzen dituzte: logotipo zaharrak berreskuratu, musika klasikoak erabili edo estetika “retroa” aplikatu.
Zinemaren eta telesailen kasuan, remake eta reboot- en logika ekonomikoa argia da: arrisku gutxiago eta irabazi handiagoak. Publikoak, dagoeneko ezagutzen du istorioa, eta identifikazio emozional hori diru-bilketa ziurra bihurtzen da. Disneyk bere katalogo klasikoa berrerabiltzeak edo Netflixek 80ko edo 90eko hamarkadetako giroak berpizteak eredu hori bikain ilustratzen dute. Eduki berriak sortu beharrean, iragana “berriki egina” bezala saltzea da estrategiarik errentagarriena.
Gazteen eta helduen arteko ikuspegia
Nostalgia ez da adin-talde guztietan berdin bizi. Belaunaldi bakoitzak bere iragana idealizatzen du, baina pandemia osteko garaian bi joera bereizi dira: gazteen ihesa haurtzarora, eta helduen itzulera “garai hobeetara”.
“Jada ez dira lehen egiten diren serieak egiten”, edo “gaur egungo musika iraganeko musika baino askoz txarragoa da” ohiko esaldiak bihurtu dira baby boom garaikoentzat, baitaX belaunaldikoentzat eta milennials- entzat ere. Gazte askorentzat, nostalgia ez da benetako esperientzia baten oroitzapena, baizik eta irudikatutako garai baten desira. Gen Z belaunaldiak, adibidez, 2000ko hamarkadako estetika berrasmatu du, nahiz eta askok garai hura ezagutu ez zuten. Sare sozialetan fenomeno horren indar handia hartu du: TikTok-en edo Instagram-en milaka erabiltzailek “iragan digital” bat berreraikitzen dute.
Helduen kasuan, nostalgia beste modu batean agertzen da. Pandemiak etxetik lan egitera eta isolamendura behartu zuen belaunaldi batentzat, haurtzaroko marrazki bizidunak edo lehen pelikula maitatuak lasaitasunaren sinbolo bihurtu ziren. Oroitzapen horiek, askotan, orainaren ziurgabetasunaren kontrako babez emozionala dira. Horregatik, 90eko hamarkadako edukiak berriz modan jartzeak adin-tarte oso zabala harrapatzen du: Pokémon, Harry Potter...
Astuy psikologoarentzat, fenomeno horrek belaunaldien arteko lotura ere sortzen du. Gurasoek, seme-alabekin partekatzen dituzte bere garaiko filmak edo jostailuak, eta horrek emozio bateratua pizten du: iraganaren transmisio kolektiboa. Aldi berean, industriak aukera paregabea ikusi du: produktuak berriz merkaturatzea belaunaldi arteko zubi gisa aurkeztuz.
Kritikak eta arriskuak
Nostalgiaren gorakadak galdera bat uzten du airean: berrikuntzaren ordez, iraganaren kopiak ari al gara kontsumitzen? Sormenaren nekea agerian dago? Arriskua dago oroitzapena produktu hutsa bihurtzeko?
Gainera, iragana idealizatzeak, errealitatea lausotu dezake Mikel García soziologoaren hitzetan. “Garai hobeak deitzen ditugun une haiek ez ziren beti hobeak, baina merkatuak irudi garbi eta lasaigarri hori baliatzen du emozio positiboak pizteko”. Horrela, orainaren zailtasunak bigundu egiten dira, baina baita ezkutatu ere.
Garcíaren ustez, nostalgia ez da berez txarra: identitatea sendotu eta komunitatea lotzen du. Hala ere, kontuz ibili beharrekoak gara: “Iraganaren erosotasunak etorkizuna geldiarazi dezake, bereziki kulturaren eta sormenaren esparruan”.