Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Maria Ubarretxenak, jakinarazi du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola Eusko Jaurlaritzaren, red.es enpresa-entitate publikoaren eta Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeari, osasun-eremuan zerbitzu digital adimendunak garatzeari begira. “Horrela, - jarraitu du Ubarretxenak- Osakidetzak aurrera egingo du osasun-sistemaren eraldaketa digitalean, Europatik datozen 7,6 milioi euroko inbertsioarekin, eta horrek aukera emango du euskal osasun-sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzeko eta, ondorioz, pazienteen bizi kalitatea hobetzeko”.
Osakidetzan dagoeneko martxan dauden zenbait proiektu digital ezarriko dira: adimen artifizialari lotutakoak, irudi medikoaren elkarreragingarritasunari eta monitorizazio- eta telezainketa-programei lotutakoak, eta “horri esker osasun-arretaren irisgarritasuna, pertsonalizazioa eta jarraitutasuna hobetuko ditugu” gehitu du.
13 milioi euro arrantza- eta akuikultura-sektoreak laguntzeko
Halaber, Gobernu Kontseiluak arrantza- eta akuikultura-sektoreei zuzendutako laguntzen deialdia onartu du. 13 milioi eurotik gora bideratuko dira laguntza deialdi horretara.
“Dirulaguntzen helburua da arrantza jasangarria sustatzea, ekonomia urdina bultzatzea eta uretako baliabide biologikoak berreskuratzea” azaldu du bozeramaileak.
Halaber, Gobernu Kontseiluak arrantza- eta akuikultura-sektoreei zuzendutako laguntzen deialdia onartu du. 13 milioi eurotik gora bideratuko dira laguntza deialdi horretara
Era berean, 2025. urterako animalien ongizatearen ziurtapena lortzeko laguntzen deialdiaren oinarriak ere onartu ditu Gobernu Kontseiluak gaurko bileran.
Laguntza horien helburua da abeltzaintza-ustiategien entitate eta elkarteei animalien ongizatearen ziurtapena lortzeko ordaindu behar diren kostuak finantzatzen laguntzea.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-protokoloa
Gobernu Kontseiluan onartutako beste puntuetako bat izan da, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-protokoloa. “Akordio horri esker, - azaldu du Ubarretxenak- lankidetza indartu ahal izango da osasunaren eremuan, industria-eraldaketaren eremuan eta kulturaren eta euskararen eremuan; eta urriaren 10ean —ostiral honetan—, sinatuko da hitzarmena, Gasteizen, Imanol Pradales eta María Chivite buru izango dituen ekitaldi batean”.
Diru-sarrera txikiak dituzten langileentzako laguntza
Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du, dekretu bat ere onartu dela, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) onuradunei aplikatu beharreko enplegurako pizgarriak arautzen dituena. “Ekimen honek erantzun bat eman nahi dio duela hogei urte baino gehiagotik indarrean dagoen eredu bat eguneratzeko beharrari, denbora horretan Euskadin izandako gizarte-, ekonomia- eta arau-aldaketetara egokitzeko” adierazi du.
“Dekretu berriak – jarraitu du- eutsi eta zabaldu egiten du diru-sarrera txikiak dituzten langileentzako laguntza, batez ere familia handienetan eta enpleguan eta lan-intentsitatean parte hartzeko banakako erabakian oinarritzen ditu pizgarriak; gainera, genero-ikuspegia txertatzen du; alegia, bikoteko bigarren kidearen laneko parte hartzea sustatzen du —gehienetan emakumeak izaten dira— eta guraso bakarreko familiei laguntza ematen die, hazkuntza-kostuagatiko berariazko osagarri baten bidez”.