Síguenos en redes sociales:

Osakidetzak 10.000 ume immunizatuko ditu martxora arte bronkiolitis akutuaren aurka

Kanpaina honetan bronkiolitis akutu larria izateko arrisku handiena duten taldeak immunizatuko dira

Osakidetzak 10.000 ume immunizatuko ditu martxora arte bronkiolitis akutuaren aurkaUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bronkilitis akutuaren aurkako immunizazio kanpaina berria abiatu dute aste honetan, eta martxora bitarte 10.000 haur inguru immunizatzea aurreikusi dute.

Aurreko denboraldian, Osakidetzak 10.049 haur immunizatzea lortu zuen, hau da, xede biztanleriaren %90. Araban 1.623 haur immunizatu Araban, Bizkaian 5.032 eta Gipuzkoan 3.394, Osakidetzak eta Osasun Sailak jakinarazi dutenez.

Iaz bezala, kanpaina honetan bronkiolitis akutu larria izateko arrisku handiena duten taldeak immunizatuko dira, hau da, jaioberriak (kanpainak iraun bitartean immunizatuko dira), hiru hilabete baino gutxiago dituzten umeak (kanpainaren lehen asteetan jarriko zaie txertoa), urtebete baino gutxiagoko goiztiarrak, eta biriketako gaixotasunak, bihotzekoak, neurologikoak edo immunitarioak dituzten bi urtetik beherakoak.

Bronkiolitis larria arnas infekzio bat da, eta batez ere bi urtetik beherako haurrei erasaten die. Hasieran, katarroaren antzeko sintomak agertzen dira, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, baina egun batzuen buruan beste sintoma batzuk ager daitezke, adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, eta neke horrek esnea hartzean eragiten die haurtxoei. Normalean, kasuak urritik martxora bitartean izaten dira, eta intzidentziarik handiena azarotik abendura bitartean.

BIRUS EZBERDINAK

Birus ezberdinek eragindako gaixotasuna da, eta Arnas Birus Sinzituala da ohikoena. Badira urte batzuk prebentzio tresnak daudela, esaterako, Nirsevimab izeneko antigorputza; medikamentu hori muskulu barnetik ematen da birusarekin kontaktuan egon aurretik, dosi bakar batean, eta gaixotasuna prebenitu dezake, eta, hori ez ezik, bronkiolitis akutuaren forma larrienak saihestu ere.

Iaz, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eta Larrialdi Zerbitzuetako kontsultetan xede biztanleriaren %90 baino gehiago immunizatzea lortu zenez, %35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta ospitaleko larrialdietako kontsultak, eta gaixotasunaren ondoriozko ospitalizazioak erdira jaitsi ziren bi urtez azpiko haurretan eta %65 hiru hilabete baino gutxiagokoetan.