Osasun Eskola + zainketei buruzko plataformak 45.000tik gora bisita izan ditu lehen hiru hiletan
Osasun Eskola + herritarrei osasunaren zainketei buruzko informazioa emateko sareko plataformak 45.000 bisita baino gehiago izan ditu martxan izan den lehen hiru hilabeteetan
Osasun Eskola + herritarrei osasunaren zainketei buruzko informazioa emateko sareko plataformak 45.000 bisita baino gehiago izan ditu martxan izan den lehen hiru hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez.
Hain zuzen ere, ostegun honetan ospatzen den Autozainketaren Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, bi osasun erakundeek herritarrei gogorarazi diete erabilgarri dutela Osasun Eskola + plataforma digitala beren osasuna zaintzeko duten gaitasuna hobetzeko.
Joan den martxoan jarri zen martxan esperientzia pilotu gisa, eta, besteak beste, kontsultan bertan osasun profesionalei edukia agindu edo preskribatzeko aukera ematen die (ikastaroak, tailerrak, multimedia materiala), pazienteek eta familia zaintzaileek ezagutza gehiago izan eta beren gaixotasuna hobeto kudea dezaten.
Osasun Eskola + plataformara Osakidetzaren webgunetik sar daiteke. Informazioa eta tresnak daude bertan pertsona bakoitzak bere osasunaren zainketan inplikatzeko eta erabakiak hartzen parte hartu ahal izateko.
Abian jarri zenetik, 249 profesionalek 2.000 eduki baino gehiago preskribatu dituzte; batez ere osasun emozionalarekin, haurdunaldiko aho-hortzetako osasunarekin edo elikadurarekin lotutakoak
Horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urrats bat egin nahi izan dute Osasun Plana 2030aren helburuekin bat etorriz eta Osakidetzaren Osasuneko Ahalduntze Estrategiaren esparruan, zeinaren lehentasunetako bat baita osasunerako eta autozaintzarako hezkuntza sustatzea.
Gainera, gaixotasuna zaintzeko informazioa emateaz gain, plataforma digitalak prebenitzeko eta bizitza osasungarria izateko gomendioak ere ematen ditu.
Izan ere, plataformaren berritasun nagusietako bat erregistratzeko aukera da; hala, erabiltzaileak bere erabilera pertsonalizatu ahal izango du, eta bere premiekin bat datorren edukia eskuratu ahal izango du.
Gainera, Osasun Eskola + Osasun Karpetarekin eta Osabide Globalarekin integratuta dago. Tresna horretatik, Osakidetzako profesionalak historia klinikora sartzen dira, eta, horri esker, plataforman ikastaroak edo tailerrak agindu ahal izango dira.
Hain zuzen ere, abian jarri zenetik, 249 profesionalek 2.000 eduki baino gehiago preskribatu dituzte; batez ere osasun emozionalarekin, haurdunaldiko aho-hortzetako osasunarekin edo elikadurarekin lotutakoak.
Plataformaren balio handienetako bat da bertan jasotako eduki guztia Osakidetzako profesionalek balioztatzen dutela. "Beraz, gaur egun, Internet bidez kalitate zalantzagarriko edukietara erraz irits daitekeenean, Osasun Eskola + herritarrentzako erreferentziazko gune bihurtu behar da", ziurtatu dute.