Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 1,1 milioi euro bideratuko ditu aurten adikzioak prebenitzeko eta jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuetara, gobernu kontseiluak hala erabakita.
Jaurlaritzaren arabera, adikzioak prebenitzeko Euskadin jarraitzen den eredua komunitatean dauden baliabideak optimizatzea bilatzen duen eredu komunitarioa da, horrela esku hartzearen azken hartzaileengana iritsi ahal izateko.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko erakundeen jarduera, eta, hain zuzen, horiei zuzenduta dago Alberto Martinez Osasun sailburuaren aginduan aurreikusitako laguntza lerroa, 1.118.500 euroko zuzkidurarekin.
Kopuru horretatik, ausazko jokoarekiko adikzioa eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko 236.000 euro izango dira.
Zehazkiago, osasunerako jokabide positiboak sustatzea, adikzioei lotutako kalteak murriztea, drogen abusua eta adikzio jokabideak murriztea lortzea, legezko eta legez kanpoko drogak edo substantziarik gabeko adikzioa duten pertsonak ahalik eta gehien informatzea eta gaitzea, eta gizarte eta laguntza sentsibilizazioa sustatzea lagunduko da.
Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da
Helburuak dira sektore eta erakundeen arteko ekintzak mantentzea eta sustatzea, pertsonen ongizatea, arrisku faktorerik eza eta osasun arloko ekitatea sustatzeko, eta 2023-2027 aldirako Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren helburuetan eta jarduera ildoetan ondoen egokitutako programak eta proiektuak mantentzea.
Orobat, laguntzen beste xede batzuk dira behar berriak erakustea eta, horiekin bat etorriz, erantzuna emango dieten proiektu berriak babestea, eta oroiektuak eta programak hobetzen laguntzea, esku hartze protokoloak diseinatzeko eta sistematizatzeko prozedurei jarraituz.
Era berean, agindua Euskadi 2030 Osasun Planarekin lotzen da, Euskadi osasungarriago baten funtsezko helburuarekin, eta, beraz, Euskadiko Osasun Itunaren ildotik. Hain zuzen ere, itunaren ildo estrategikoetako bat da 'Osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa: jokabide osasungarriak eta adikzioak. Osasun arloko ekitaterik ezak murriztea, determinatzaile sozialak kontuan hartuta'.
Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">