Onkologikoa Osakidetza erakunde publikoan titulartasun publikoko baliabide gisa integratzeko dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak astearte honetan egin duen gobernu bileran.
Horrela, ALberto Martinez Osasun sailburuak joan den otsailean Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen moduan, integrazioa ekainaren 30ean gauzatuko da, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzearekin batera.
Dekretu horretan, gainera, Donostiako osasun zentroa Euskal Osasun Zerbitzuaren Sarean organikoki eta funtzionalki txertatzeko baldintzak ezarri dira.
Osasun sailburuak berak nabarmendu du urrats honen garrantzia, 2027an protonterapiako ekipoa abiatzearekin batera, Donostia Unibertsitate Ospitalea "Euskadi eta Europako onkologiako erreferentziazko mugaz gaindiko zentro bihurtuko baitu".
Horrela, herrialde mailako ekimen bat dela nabarmendu du, Gipuzkoari, Bizkairi, Arabari, Nafarroari eta Iparraldeari asistentzia emango diena.
Onartutako dekretuaren arabera, integrazioak berekin dakar Osakidetza subrogatzea Onkologikoan diharduten langile sanitarioen zein ez-sanitarioen lan eskubide eta betebeharretan. Guztira, 297 pertsona Donostialdea ESIra atxikita geratuko dira (horietatik 232 finkoak).
OSASUN ZENTROA
Hori guztia gauzatuko da osasun zentroan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren aplikazio esparruko lan kontratu batean, hura integratzen den unean. Integraziotik kanpo geratu dira, berariaz, hitzarmen kolektibotik kanpoko akordio indibidualak dituzten langileak eta goi zuzendaritzako kontratuei lotutakoak.
"Konplexutasun administratibo, juridiko eta laboral ikaragarriko prozesu hau" era batera edo bestera gauzatzen lagundu duten pertsona guztien lana eta ahalegina eskertu du Osasun sailburuak.
Donostialdea ESIko profesionalei entzuteko prozesu bat aktibatu ondoren Osasun Sailak 2024ko urrian berriro tramitatzea erabaki zuen dekretuan islatu da prozesua orain. Horren guztiaren xedea izan da proiektuaren azken helbururako antolaketa eredu egokiena zehaztea, hau da, Euskadin onkologiako erreferentziazko zentro bat izatea.
"Azken emaitzak bide emango du garapen sanitarioaren horizonte bat irekitzeko, euskal gizarte osoarentzat eragin positiboa izango duena eta Euskadi onkologiaren arloan nazioartean kokatzeko aukera emango duena", nabarmendu du Martinezek.