Osakidetzako erizainek artatutako prozesuen kopurua seikoiztu egin da, euskal osasun zerbitzu publikoak 2019an eskaria kudeatzeko eredu berria ezarri zuenetik. Gainera, eredu berria horri eta beste neurri batzuei esker, Lehen Mailako Arretako kontsulta bat izateko 48 ordu baino gutxiago itxaron behar izatea lortu da.

Astelehen honetan Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen denez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erizainek osasun sistema publikoaren sare osoan duten zereginaren balioa nabarmendu dute, eta, bereziki, Lehen Mailako Arretan egiten duten lana, bertan ebazten baitira patologien %80.

"Osakidetzak ibilbide luzea egin du bere erakundeetan erizaintzako lanbidea garatzeko lanean. Erakundeetan dauden erizaintzako profesionalek, beraz, gero eta prestakuntza eta gaitasun hobea dute, herritarrak osasunaren arloan artatzeak planteatzen dituen erronkei erantzuteko", nabarmendu dute.

Osakidetzak Lehen Mailako Arretako eskaria kudeatzeko eredu berria jarri zuen abian 2019an, eta ordutik, erabiltzaileak profesional egokienera bideratzen ditu beren beharren arabera (Familia Medikuntza, Erizaintza, Administrazioa). Horrek arreta hobetzen du eta osasun kontsulta bat izateko denborak murrizten ditu.

Eredu berriaren zutabeetako bat erizainaren rola indartzea da. Eredua ezarri arte familiako medikuntzako kontsultetan artatzen ziren prozesu arinak (katarroak, eztarriko minak, goragaleak edo gorakoak, besteak beste); orain, aldiz, erizaintzako profesionalek talde lanean ebazten dituzte.

Horrela, 2024an, erizainek halako 450.000 prozesu inguru ebatzi zituzten, hau da, 2019an arreta eredu berria abian jarri zenean artatzen ziren kasuak baino sei aldiz gehiago.

Nolanahi ere, erizainek osasun zentroetan duten rola ez da mugatzen prozesu arinak artatzera, paziente kronikoen arretaz, txertaketaz, sendaketez edo haur osasuntsuen jarraipenaz ere arduratzen baitira, besteak beste.

Era berean, gaikuntza gero eta handiagoa izateari eta legezko aukerari esker, zenbait medikamentu agindu ditzakete, hala nola ibuprofenoa, antitusiboak edo gernu infekziorako antibiotikoak.