Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak aditzera eman du Osakidetzak egingo dituen hauteskunde sindikalak baliagarriak izango direla gure osasun-sistema hobetzen lagunduko duen ordezkaritza sozial indartsu eta konprometitua sendotzeko.

Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean hedabideek eskatuta egindako adierazpenetan, Osasuneko sailburua pozik agertu da hauteskunde-eguna normaltasun-giroan garatzen ari delako. Hamarkada bat baino gehiago da ez zirela egiten, nabarmendu du. Osasuneko Mahai Sektorialean lortutako akordioari esker posible izan da; izan ere, duela hilabete batzuk, hauteskundeak zein hauteskunde-esparrutan egingo ziren erabakitzeko behin betiko konpromisoa hartu zen, eta hori funtsezkoa izan da. Hain zuzen ere, gai horrek geldiarazi zituen hauteskunde-prozesua aktibatzeko aurreko saiakerak.

Alberto Martinezek hauteskunde horien garrantzia azpimarratu du, hainbeste denboraren ondoren, Osakidetzako profesionalen iritzia ordezkatzea ahalbidetuko baitute. “Erakunde guztietan bezalaxe, Osakidetzan ere gizarte-eragileen eta sindikatuen ordezkaritza sendoa, egituratua eta konprometitua nahi eta behar dugu, Mahai Sektorialaren lan-testuinguruan aurrera egiteko”.

Ildo horretan, sinestarazita dago horrek “eraginkorrago egingo duela profesionalei entzuteko dugun jarrera, osasun-sistemaren paradigma berri baterantz garatzen ari garen prozesuaren barruan”.

Hauteskunde-egunari hasiera eman zaion normaltasun-giro berean amaiera emango zaion nahi eta uste osoarekin, Osasuneko sailburuak gogorarazi du Osakidetzako 45.000 profesionalek baino gehiagok eman dezaketela botoa gaitu diren 82 hauteskunde-mahaietako batean. Boto-emaileen errolda 15 hauteskunde-esparrutan banatuta dago —Osakidetzak izen hori erabiltzen du hauteskunde-barruti sindikalak aipatzeko—.

Osakidetza

Bestalde, Osakidetzak zabaldu egin du herritarren aho-hortzetako osasuna zaintzeko estaldura; horrela, azarotik aurrera, 0-6 urte bitarteko haurrak beren erreferentziazko osasun-zentroko odontologia-kontsultetara joan daitezke, izan ere, zerbitzu hori Osakidetzaren sare osoan ezarri da. Neurri berri hau 108.000 adingaberentzat izan daiteke onuragarria. Honen bidez, hasierako txantxar-lesioen prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu nahi da, baita bizitzako hasierako etapetan ere, garai horretan ateratzen baitira lehen esne-hortzak. Hedapen horrekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urrats bat eman dute herritarrentzako zerbitzuak zabaltzeko eta Lehen Mailako Arreta indartzeko konpromisoan.

Hori dela-eta, handitu egin da haurrei ematen zaien hortz-asistentzia. Gogoratu behar da orain dela 33 urtez geroztik, PADI programaren bidez, arreta bermatuta egon dela 7 eta 15 urte bitarteko pertsonentzat, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen elkargo ofizialen laguntzarekin. Arreta aukera libreko klinika itunduetan ematen da, inolako kosturik gabe familientzat. Orain beste urrats bat egin nahi izan da, eta arreta haur guztietara zabaldu bizitzako lehen hilabeteetatik. Baina PADIn ez bezala, kontsultak Osakidetzako osasun-zentroetan bertan egiten dira.