Osakidetzaren suizidioaren prebentziorako Bizi programa osasun mentalaren arloko Europako etorkizun handiko jardunbide hautatu du berriki Europako Batzordeak, bere kategorian boto kopururik handiena jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak urtero urriaren 10ean ospatzen den Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunaren harira jakinarazi dutenez.

Bizi programa suizidioaren prebentzioari buruzko oinarrizko kontzeptuak jorratzen dituen sareko prestakuntza ikastaro bat da. Profesional ez-sanitarioei edo profesional sanitario ez-klinikoei zuzentzen zaie, eta erraz ulertzeko moduko hizkuntza erraza erabiltzen du.

Prestakuntzaren helburu nagusia da talde zaurgarriekin harremanetan dauden pertsonak ahalduntzea, eta horretarako informazioa eta tresnak eskaintzea, arrisku egoeran dauden pertsonak detekta ditzaten, lehen laguntza eman diezaieten eta baliabide espezializatuekin harremanetan jar ditzaten.

Ikastaroa 2022an abian jarri zenetik, 3.700 pertsona inguruk jaso dute suizidioaren prebentzioaren arloko prestakuntza. Ikastaroa Osakidetzako langile guztien eskura jartzeaz gain, pertsona zaurgarriekin harremanetan dauden profesionalei ere eskaintzen zaie, baita gizarte zerbitzuekin, farmazia komunitarioarekin, gobernuz kanpoko erakundeekin, elkarteekin, erretiratuen eta adinekoen egoitzekin, BetiOn Telefono bidezko Arreta Zerbitzuarekin edo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuarekin lotzen diren profilei ere.

Pertsona horiengana guztiengana iristeko, zabalkunde eta hedapen estrategia koordinatua egin da, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren eta Osakidetzaren elkarlanarekin eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuen, instituzioen eta erakundeen parte hartzearekin.