Osakidetzak informatu duenez, Barakaldo-Sestao ESIko Zaballako Osasun Zentroak bikoiztu egingo du odontologia zerbitzuak emateko gaitasuna, beste kontsulta bat eginez eta profesionalak handituz.

Obra Osakidetza zabaltzen ari den aho-hortzetako osasunaren zerbitzu-zorro berriaren barruan sartzen da. Obrak abuztuaren 19an hasiko dira, irailean zehar egingo dira eta 100.000 euroko aurrekontua dute.

Osakidetzak jakinarazi duenez, handitze horrek egungo odontologia-kontsultaren birmoldaketa osoa du, bi kontsulta kokatu ahal izateko.

Gainera, higienista bat eta odontologo bat gehiago izango dituzte, Erakunde Sanitario Integratuetan aho-hortzen asistentzian egiten ari den zerbitzu-zorroa handitu ahal izateko.

Bestalde, EAEko haurren aho-hortzen osasunak hobekuntza esponentziala izan du 1988an egin zen lehenengo ikerketa epidemiologikotik bosgarren eta azken ikerketara, 2023ra artekora (*).

Halaxe egiaztatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin duen Euskadiko Aho-hortzetako Osasunaren V. Ikerketa Epidemiologikoak. Ikerketa horretan iaz 4.978 eskola-ume aztertu ziren, eta azken 35 urteetako haurren aho-hortzen osasunaren adierazleen bilakaera erakusten du. Laburbilduta:

TXANTXARRA

7 urtekoen artean, behin-behineko hortzetako txantxarrak nabarmen egin du onera. Zehazki, prebalentzia 1988ko % 63tik 2023ko % 35era jaitsi da.

Hortz iraunkorretako txantxarrak ere nabarmen egin du behera. Txantxarrik ez zuten ikasleak % 31 ziren 88. urtean eta % 74 2023an 12 urtekoen taldean; aitzitik % 18tik % 67ra igo da 14 urtekoen taldean.

5 urtekoen taldea lehenbiziko aldiz sartu da ikerketan, eta 10 eskola-umetatik 7k ez dute txantxarrik.

HORTZOIEN OSASUNA

Hortzoien osasunak adin-talde guztietan egin du onera 1988tik. Gaur egun hortzoien osasun ona dute 7 urteko eskola-umeen % 90ek, 12 urtekoen % 64k eta 14 urtekoen % 56k.  

DENTISTARENGANA JOATEA

7 urteko 2 eskola-umetatik 1 joan da dentistarengana azken urtean, eta kopuru hori % 85ekoa eta % 88koa da 12 urteko eta 14 urteko eskola-umeen kasuan, hurrenez hurren.

LEHENGORATZEKO ARRETA

Lehengoratzeko arretak nabarmen egin du gora 12 eta 14 urtekoen hortz iraunkorretan, eta behin-behineko hortzen kasuan lehengoratze-adierazleak oso baxuak dira.