Osakidetzaren umetoki lepoko edo zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 71.818 emakume artatu zituen 2023an, baheketa proba eginez, eta kasuen %93k arrisku oso txikiko emaitza izan zuen.
Halaber, 1.484 emakumeri azterketa sakonagoa egin zitzaien, eta horrela, lesio aurre-gaiztoak atzeman zitzaizkien 315 emakumeri, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Umetoki Lepoko Minbizia Prebenitzeko Nazioarteko Egunaren bezperan jakinarazi dituen datuen arabera.
Zerbixeko minbiziaren 500 kasu inguru detektatu ziren EAEn 2018tik 2022ra, eta horietatik %40 Osakidetzaren umetoki lepoko edo zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programaren bidez. Baheketan atzemandako kasu gehienak fase goiztiarretan zeuden (%72), eta horrek esan nahi du tratamendu ez hain oldarkorrak aplikatzeko aukera dagoela eta biziraupen indizea handiagoa dela, baheketa programak biziraupenean duen eragina oso handia dela ikusi baita (%97).
Programaren helburua minbizia prebenitzea da; horregatik, emaitza arrisku txikikoa den kasuetan, 25-34 urteko emakumeak hiru urteren buruan azterketa berriz egitera gonbidatzen dituzte, eta bost urteren buruan 35-65 urteko emakumeen kasuan. Aitzitik, lesio aurre-gaizto bat detektatzen denean, tratamendua eskaintzen zaio, lesioak aurrera egin ez dezan eta ondorengo urteetan zerbixeko minbizi izatera ez iristeko.
Zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programak indarrean daraman sei urteetan, 25 eta 65 urte bitarteko 550.000 emakumek baino gehiagok jaso dute baheketan parte hartzeko gonbidapena. Programa EAEko Plan Onkologikoaren funtsezko tresna da, eta minbiziaren prebentzioa, pazienteen arretaren kalitatea hobetzea eta gaixotasun horren aurrean biziraupena areagotzea ditu xede.