Osakidetzak Euskadi osoko estalkiko eguzki instalazio fotovoltaikorik handiena egiteko obra lizitatu du. Instalazioa Barakaldoko BEC erakustazokako 1., 3. eta 5. pabiloien estalkietan egongo da, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea energia elektrikoz hornituko du. Instalazioak 4,3 milioi euroko inbertsioa eskatuko du eta 49.000 metro inguruko azalera hartuko du, zazpi futbol zelairen parekoa gutxi gorabehera.
Osakidetzako iturriek jakinarazi duenez, instalazioak 4,9 MW-eko potentzia izendatua ahalbidetuko du (eta 5,76 MW-eko potentzia pikoa), eta hori ospitalean bertan lortzea ezinezkoa litzateke, espazioaren mugak tarteko. Horrela, gainera, Gurutzetan dauden estalkiak etorkizunean ospitale zerbitzurako garrantzitsuak izan daitezkeen instalazioetarako gordeko dira.
Instalazio berriak urteko 7.200 MWh inguru sortzea aurreikusi da, eta, hartara, ospitaleko kontsumoaren herena estaliko du, gutxi gorabehera. Horretarako, bi aurpegiko moduluen teknologia izango du. Teknologia horrek eguzki energia panelaren bi aldeetatik hartzeko aukera ematen duenez gero, energia sortzeko ahalmen handiagoa du.
Gurutzetako ospitaleko energia elektrikoaren eskaria partzialki autohornitzeaz gain, instalazio berriak aukera emango du distantzia handiko ekoizpen eta banaketa elektrikoari lotutako CO2 emisioak murrizteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legean (otsailaren 21eko 4/2019 Legea) eta Energia Jasangarritasunari buruzko Dekretuan (azaroaren 10eko 254/2020 Dekretua) ezarritako helburuak beteko ditu.
Osakidetzako zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa planaren parte da eguzki energia fotovoltaikoko elektrizitatea sortzeko sistemak inplementatzea. Plan horren helburuak dira Osakidetzan energia kontsumoak murriztea eta ekoizpen berriztagarria areagotzea, eredu jasangarriago baterako bidean.
Proiektuak Energiaren Euskal Erakundearen lankidetza estua izan du hasieratik, diseinuan parte hartu eta informazio teknikoa, administratiboa eta arautzailea eman baitu proiektua garatzeko.