Udara honetan, uztaila eta abuztuan, 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren barruan, Usurbil Museo Irekia bisita gidatuak eskain-tzen jarraituko dute astebururo, larunbat eta igandeetan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, turismo gidari baten laguntzarekin, Usurbilgo kale, plaza eta hormetan dauden artelanak ezagutzea da bisiten helburua: “Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak daude nonahi. Horregatik deitzen diogu Usurbil Museo Irekia: herriko ondare aberats hori guztion eskura eta gozagarri dagoelako”, aditzera eman dute.
Gainera, uztaileko eta abuztuko saio banatan, Zumeta Arte Estudioa ezagutzeko aukera izango da, Usoa Zumetaren azalpenekin. Bisita hauek uztailaren 16an eta abuztuaren 19an izango dira.
Bisitak astebururo 12.00etan Sutegi udal liburutegitik hasten dira. Gehienak euskarazko bisita gidatuak izaten dira, baina gaztelerazkoak ere badaude.
Uztailean, gainera, asteburuetako hitzorduetaz gain, bi astelehenetan saioak izango dira, uztailaren 24an eta 31n. Biak euskaraz izango dira eta gainontzekoak bezala 12.00etan Sutegitik abiatuko dira.
Gogorazi dutenez, bisita gidatuetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 650 Usurbil Biziren webgunean. Egutegian, bisita egin nahi den eguna aukeratuta agertzen den formulario laburra bete behar da horretarako.
Gehienezko bisitari kopurua saio bakoitzerako hamalau pertsonetakoa da. 18 urtetik gorakoek hiru euro ordaindu beharko dute eta 18 urtetik beherakoek doan egin dezakete. Eskudirutan ordainduko da, bisita gidatua hasi baino lehenago.
Informazio gehiagorako 650usurbilbizi@gmail.com helbide elektronikora mezua bidal daiteke.
Bisita gidatu hauetan ibilbidea Dema plazan hasten da eta inguruan bederatzi geldialdi egingo dituzte bertako artelanak ezagutzeko.
Guztien artean, aipamen berezia merezi du Zumetaren mural zeramiko eta abstraktuak, frontoiaren atzealdean kokatuta dagoena. “Zalantzarik gabe, Usurbilek bisitariari eskaintzeko duen altxor handi eta baliotsua da”, adierazi dute turismo arduradunek.
Mural zeramiko hau bere dimentsioengatik (16m x 9m) Europan material honetan dagoen handienetakoa da. 2023a urte berezia izango da, 1973an egina izanik, muralak 50 urte betetzen dituelako.
Udarregiri eskultura, Mikel Laboa plaza, Ikimiliklik, Askatasuna plaza eta Sagardoaren eskultura beste artelan batzuk dira.