Síguenos en redes sociales:

Urtean 36.000 tona zabortegira ez botatzea lortuko duen dekretu berria argitaratu du Jaurlaritzak

Dekretu horrekin, Euskadik murriztu egingo du zabortegiarekiko duen mendekotasuna, eta Europako eskualde aurreratuen artean kokatu da hondakinak kudeatzeari dagokionez

Urtean 36.000 tona zabortegira ez botatzea lortuko duen dekretu berria argitaratu du JaurlaritzakEuropa Press

Euskadik aurrera egingo du materialen aprobetxamenduan Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan argitaratu duen errausketa zepei buruzko dekretu berriarekin, araudi horri esker urtean 36.000 tona ez baitira zabortegira bidaliko eta baliagai gisa aprobetxatuko baitira. Europako jardunbide zorrotzenekin bat datorren arauketa aurreratua da, eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua indartzen du.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, orain arte, hondakin horiek zabortegietan uzten ziren, eta dekretua indarrean jartzen denean, errausketaren ondoren geratzen diren hondakin edo zepak eraikuntza material gisa erabili ahal izango dira. Ez dira hondakinak izango, baldin eta ingurumen baldintza eta baldintza tekniko zorrotzak betetzen badituzte (dekretuan zehaztuta dauden kontrolak, analisiak eta baimendutako erabilerak).

Dekretuaren onuren artean daude zabortegira bidaltzen diren hondakinak murriztea, baliabide natural gutxiago erauztea, materialak aprobetxatzea eta Europako birziklatze helburuetan aurrera egitea.

Egin diren azterketek eta beste herrialdetako esperientziak erakusten dutenez, etxeetako eta enpresetako hondakinak erraustean sortzen diren zepak berrerabiltzea segurua da, eta, gainera, ingurumenerako hobeagoa da. Zepa horiek berrerabiltzean, Euskadiko hondakinen kudeaketa hobetuko da eta, datozen urteetan, birziklatze eta balorizazio mailak 2 eta 4 puntu bitartean handituko dira. Horri esker, Europako helburuak bete ahal izango dira, eta zabortegira hondakin gutxiago bidaliko.

Dekretuaren ondorioz, hondakinen kudeaketan aurreratuen dauden Europako herrialdeetako bat bihurtuko da Euskadi, Europan zepen balorizazio segurua jada ohiko jardunbidea baita. Araudi berriak Europako estandarren pareko ingurumen kontrolak eta irizpide teknikoak ezarri eta materialen segurtasuna eta trazabilitatea indartuko ditu.

BALIABIDE ERABILGARRI

Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak adierazi duenez, "hondakinak lurperatzeari uzten ari gara. Horren ordez, hondakinak baliabide erabilgarri bihurtuko ditugu eta zaborra murriztuko dugu. Urtero 36.000 tona hondakin ez dira zabortegira joango. Horri esker, zabortegiak ez dira hainbeste beteko eta haien balio bizitza luzatu ahal izango da. Euskadin zero isurketa lortzeko aurrerapauso nabarmena da hau".

Hondakinen murrizketa ez da automatikoa: dekretuak hori lortzeko prozesua zehazten du, errausketatik sortutako zepak baldintza seguruetan berrerabili ahal izateko. Prozesu zehatza eta segurua da. Hasteko, zepa horien tratamendu eta kontrol prozesua egin behar da: metalak bereizi, birrindu, ondu eta sailkatu, eta derrigorrezko ingurumen eta kalitate kontrolak egin.

Bigarrenik, segurtasun egiaztapena egin beharko da. Zepak erabili ahal izateko, muga zorrotzak bete beharko dituzte, ingurumenari dagokionez. Horretarako, analisiak, trazabilitatea eta etengabeko kontrolak gainditu beharko dituzte, ingurunearentzat eta osasunarentzat arriskurik sortuko ez dutela bermatzeko.

Horrela, material gisa berrerabili ahal izango dira, hau da, tratatu ondoren, bigarren mailako agregakin gisa erabili ahal izango dira zepak, errepideetan, eraikuntzan, betegarrietan edo hormigoietan material naturalak ordeztuz. Horren guztiaren ondorioz, zepak ez dira zabortegian utziko, material gisa aprobetxatuko baitira, eta horrek hondakinak murrizten lagunduko du.

Dekretu horrekin, Euskadik murriztu egingo du zabortegiarekiko duen mendekotasuna, eta Europako eskualde aurreratuen artean kokatu da hondakinak kudeatzeari dagokionez.