Síguenos en redes sociales:

Jaurlaritzak 2,4 milioi euro bideratuko ditu abokatuen elkargoetara, doako laguntza juridikoa eman dezaten

467.391 euroko diru laguntza emango zaio Arabako Abokatuen Elkargoari, 1,1 milioi eurokoa Bizkaikoari eta 760.424 eurokoa Gipuzkoakoari

Jaurlaritzak 2,4 milioi euro bideratuko ditu abokatuen elkargoetara, doako laguntza juridikoa eman dezatenJorge Muñoz

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoen artean 2,4 milioi euro banatzea onartu du astearte honetan, emakumearen aurkako, familia barruko eta sexu askatasunaren aurkako delituen biktimei eta indarkeriaren biktimak diren haurrei, nerabeei eta desgaitasunen bat duten pertsonei doako eta berehalako laguntza juridikoa eman dezaten.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Doako Laguntza Juridikoaren Legeak abokatuen elkargoei esleitzen die doako abokatu laguntzako zerbitzuen erregulazioa eta antolaketa, eta, horretarako, guardiako txanda iraunkor bat izan behar dute zerbitzu hori emateko. Prozesu horietan, halakotzat aitortutako biktimek, eta, bereziki, genero indarkeriaren biktimek, abokatu beraren laguntza jaso beharko dute defentsarako duten eskubidea behar bezala bermatzeko.

Bada, erabakiaren bidez, 467.391 euroko diru laguntza emango zaio Arabako Abokatuen Elkargoari, 1,1 milioi eurokoa Bizkaikoari eta 760.424 eurokoa Gipuzkoakoari. Indarkeriaren biktimei berehalako arreta juridikoa emateko Eusko Jaurlaritzaren eta Legelarien Euskal Kontseiluaren arteko lankidetza 2003. urtean hasi zen, eta aldaketak izan ditu gertatu diren lege aldaketen arabera.

Bestalde, Seme-alabak dituzten familia guztientzako laguntzak handitzeko dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran, eta horrela, 200 euro ordainduko dizkie hilean haur bakoitzeko, 4 urte bete arte.

Jaurlaritzaren arabera, dekretu berriaren bidez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak "beste urrats bat eman du seme-alabak hazteak sortzen dituen aparteko zailtasunei aurre egiteko laguntzetan". Laguntza horien helburua da familien eta haien kideen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko politika integral baten esparruan aurrera jarraitzea, bai eta seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabideak bermatzea eta haurren pobrezia saihesten saiatzea.