Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 'Bitartez' izeneko deialdiaren oinarriak onartu ditu. Kultur arloko adierazpen garaikideekin konprometitutako eta elementu berritzaileak dituzten proiektuetan kultur bitartekaritza laguntzea du xede deialdiak, eta 500.000 euroko aurrekontu saila izango du aurten, iaz baino %150 gehiago.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, diruz lagunduko diren proiektuak lagungarri izan beharko dira sektore, arlo eta eragile desberdinen arteko baterako sorkuntza nahiz hibridazioa eta talentua sustatzeko, hartara gure inguruko sortze gaitasuna ahal beste garatzearren.
Era berean, hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman eta artekaritza modu berriak sortu beharko dituzte, bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragiteko. Gainera, praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatu beharko dituzte.
Diru laguntza jasotzeko proiektuak eskabideak aurkezteko epea agortu baino lehen hasi eta abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira. Horrez gain, kultur sektore bati lotuta egon beharko dira (arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura edo musika). 2025eko deialdian zortzi elkarte eta kooperatibek jaso zituzten 'Bitartez' laguntzak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua abiaraziko du datorren ikasturtean, euskara ikasteko aukera ematen duen doako eredu berri bat, hasierako ordainketa bakar baten bidez eta lau urte arteko epean. Ekimenaren helburua da ikaskuntzarako sarbidea erraztea eta, batez ere, prozesuaren jarraitutasuna bermatzea, benetako erabilera gaitasuna lortu arte.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkezpenean azaldu duenez, "helburua ez da soilik pertsona gehiago euskara ikasten hastea, baizik eta ikaskuntza hori burutzea eta eguneroko bizitzan erabiltzeko benetako gaitasuna izatea, erabiltzaile independenteak osatuz".
Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia izan dira ostegun honetan Bilbon egindako aurkezpen prentsaurrekoan.
Sistemak aldaketa dakar egungo ereduarekiko, eta horrela, euskara ikasten hasten den pertsona batentzat 2.100 eurotik gorako kostua izatetik 120 euroko ordainketa bakarrera igaroko da aldi bererako (%95eko aurrezpena), pertsonentzako burokrazia gutxiagorekin eta hizkuntza ikasteko autonomia eta malgutasuna handiagoarekin.
Azken urteotan, Jaurlaritzak euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murrizteko politika progresiboa bultzatu du. Estrategia horri esker, ikasten hasi diren pertsonen kopurua nabarmen handitu da, eta hazkunde handiak izan dira hainbat mailatan: %24,6 C1en 16-18 urteko gazteen artean, %30 baino gehiago A1en eta %20 inguru A2n (behin-behineko datuak, ikasturte hau oraindik ez baita irailera arte amaitzen, eta azken ehuneko hori handitu egingo da).