Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza establezimenduen eta merkataritza jarduerari lotutako zerbitzuen modernizazioa bultzatzera bideratutako laguntzen programa onartu du asteazken honetan gobernu bileran, 4.654.000 euroko aurrekontuarekin.

Jaurlaritzako ordezkarien arabera, programaren helburua da berrikuntza, kudeaketa tresnen hobekuntza, azpiegiturak eta merkataritza ekipamendua sustatzea, sektorean kalitate eta lehiakortasun maila handiagoa lortzeko.

Beren jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokatuta eta kale ondoan, jendearentzat irekita eta egoera operatiboan dauden establezimendu fisikoetan garatzen duten norberaren konturako langileek edo autonomoek, sozietate zibilek eta ondasun erkidegoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Era berean, Arabadendak Merkataritza Elkartearen 'Tokiko kontsumorako balio hezkuntza eta gune seguruen sarea: auzoa ehuntzen, etorkizuna hezten' proiektua onartu da gobernu kontseiluan. Proiektuak 24.100 euroko aurrekontua du, eta bere helburua da hezkuntzaren esparruan tokiko produktuak kontsumitzeak duen balioaren inguruan kontzientziatzea eta puntu seguruen sareari agerikotasuna ematea.

BESTE GAI BATZUK

Beste gai batzuekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak baimena eman du asteazken honetako bileran 156.822.519 euro bideratzeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako jantoki zerbitzua kontratatzeko, ikastetxean bertan eta modalitate mistoan.

Jaurlaqritzaren arabera, inbertsioak ahalbidetuko du ikastetxeetan sukalde propioa duten jantokien sarea zabaltzen jarraitzea, sare publikoan hedatzen ari den eredua indartuz, milaka ikasleri zerbitzua ematen diona eta Gobernuak hurrengo urteetan bultzatzen jarraituko duena hezkuntza sistemaren ardatz estrategiko gisa.

Hezkuntza Saila azken urteetan pixkanaka garatzen ari den apustua da, eta hurrengo ikasturteetan ere jarraituko du, Hezkuntza Eraiki 2030 Plan Estrategikoaren barruan, jantoki zerbitzua hezkuntza ereduaren parte gisa integratuz, eta ez soilik zerbitzu osagarri gisa ulertuta.