Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak baimena eman du asteazken honetako bileran 156.822.519 euro bideratzeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako jantoki zerbitzua kontratatzeko, ikastetxean bertan eta modalitate mistoan.
Jaurlaqritzaren arabera, inbertsioak ahalbidetuko du ikastetxeetan sukalde propioa duten jantokien sarea zabaltzen jarraitzea, sare publikoan hedatzen ari den eredua indartuz, milaka ikasleri zerbitzua ematen diona eta Gobernuak hurrengo urteetan bultzatzen jarraituko duena hezkuntza sistemaren ardatz estrategiko gisa.
Hezkuntza Saila azken urteetan pixkanaka garatzen ari den apustua da, eta hurrengo ikasturteetan ere jarraituko du, Hezkuntza Eraiki 2030 Plan Estrategikoaren barruan, jantoki zerbitzua hezkuntza ereduaren parte gisa integratuz, eta ez soilik zerbitzu osagarri gisa ulertuta.
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2021etik 2026ra bitartean, tokian tokiko sukaldaritza ereduak hazkunde nabarmena izan du: ikasle erabiltzaileen kopurua 25.331tik 30.097ra igo da (+4.766), eta sukalde propioa duten ikastetxeen sarea 120tik 158ra (+38). Hazkunde hori bereziki nabarmena izan da Araban eta Gipuzkoan, eta ereduaren ezarpen orekatua indartu egin da lurralde guztietan.
2026tik aurrera, Euskadi osoan hedatzen jarraituko da, eta, horretarako, 30 sukalde berri jarriko dira ikastetxeetan, eta zonaldeko hamar sukalde ezarriko dira sukalde propiorik ezin duten zentroei zerbitzua emateko. Gasteiz, Basauri eta Donostialdea dira, besteak beste, aldaketa horren adibideetako batzuk.
Jarduera honek jarraipena ematen dio joan den astean garraiatutako menu zerbitzurako onartu zen baimenari, eta beste urrats bat da Euskadiko eskola jantokien ereduaren eraldaketan. Hala, ikasleen ongizatearen, ekitatearen eta elikadura egoki, osasungarri eta kalitatezkoaren aldeko politika publiko estrategiko gisa finkatzen da.