Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 'Zu ere euskaldun' proiektua jarri du martxan migratzaileek euskara bere egitea sustatzeko. Integrazio eredu bat diseinatuko da, euskara erabiliko duena iritsi berrien sustraitzerako, gizartean loturak sortzeko eta parte hartze aktiborako tresnatzat.

Leixuri Arrizabalaga, foru erakundeko bozeramaile eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, 'Zu ere euskaldun' proiektuaren bidez, euskaran eta Bizkaiko etorkinenganako entzute aktiboan jari nahi dute arreta. Helburu nagusia da hizkuntzaren ikaskuntza modu naturalean antolatzen duten topaguneak sustatzea, eta hori komunitatearen eta lankidetzaren ikuspegitik planteatu da, euskaltegiak, elkarteak, gizarte erakundeak, udalak, herritarren sareak eta erakunde eragileak tartean sartuz.

Proiektuaren lehen fasean diagnostiko bat egin zen, aipatutako eragileekin elkarrizketak eta kontrasteak eginez, eta, horri esker, jakin ahal izan zen zer bizipen, pertzepzio, oztopo eta motibazio izan zituzten iritsi berri zirenek, euskarari dagokionez. Lehen fase hori amaituta dago jada.

Arrizabalagak azaldu duenez, diagnostikoak agerian utzi du Bizkaiak euskarari lotutako hizkuntza, gizarte, hezkuntza eta lan baliabideen ekosistema zabala duela, baina iritsi berrientzat oraindik ez dela oso irisgarria.

Azterlanean zenbait oztopo identifikatu dira, migratzaileei zailtzen dietenak euskara integratzeko tresna gisa berenganatzea, besteak beste, oztopo sinbolikoak (euskara, identitate elementua, urrunekotzat daukate), pedagogikoak (eskaintza akademikoegia eta malgutasun gutxikoa dela sentitzen dute) eta instituzionalak (hizkuntza, batzuetan, baldintza baztertzailetzat ikusten dute, eskubide progresibotzat baino gehiago).

Aldi berean, azterlanean adierazi da lurraldean badirela, lehendik ere, jardunbide inspiratzaileak, hala nola mintzapraktika taldeak, euskarazko kultura-jarduerak edo familiekin egiten diren eskola proiektuak; ekimen horiek erakusten dute potentziala dagoela euskara partaidetzarako eta kidetasun partekaturako aukeratzat hartzen duten komunitateko eta eguneroko espazioak sortzeko.

BIGARREN FASEA

Orain, proiektua bigarren fasean sartuko da, eta zenbait saio antolatuko dira eredu bideragarri, malgu eta migratzaileen askotariko errealitateekiko sentikorra diseinatzeko. Saioak martxoaren 4an egingo dira Euskararen Etxean, eta hiru talde izango dituzte ardatz: migratzaileak, euskararen eragile traktoreak, eta migratzaileen errealitatea ezagutzen duten erakundeak.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Leixuri Arrizabalagak berak lehenengo taldearekin emango diote hasiera saioari, eta Bizkaiko etorkinen ordezkaritza batek aukera izango du bere esperientziak eztabaidatu eta azaltzeko.

Aurrez aurreko tailer horiek amaitu ondoren, eta bildutako informazio guztiarekin, fase pilotua abiatuko da lurraldean. Fase horretan, eredua baliozkotuko da, eta, horretarako, esperientzia pilotuak inplementatuko dira, aniztasun soziolinguistikoa eta migratzailea kontuan hartuta aldez aurretik hautatutako udalerrietan. Azkenik, ereduaren inpaktuak ebaluatu eta lurralde osora pixkanaka hedatzeko tresnak eraikiko dira.