Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Nekazaritza, Landa Garapen eta Arrantza Sailak 2026ko kanpainari dagokion Nekazaritza Politika Bateratuko (NPB) laguntzen eta ordainketen Eskabide Bakarra aurkezteko epea ireki du. Euskadiko nekazariek eta abeltzainek gaurtik apirilaren 30era arte izapidetu ahal izango dituzte eskabideak, hiru foru aldundiek beren erakunde laguntzaileen bidez kudeatzen duten Laguntzen Kudeaketa Sistemaren bitartez.

NPBren laguntzak funtsezko tresna dira nekazaritza-jarduerari eusteko; ustiategien egonkortasun ekonomikoari laguntzen diote, sektorea modernizatzen dute eta praktika jasangarriak sustatzen dituzte. Gainera, laguntza horrek eragin zuzena du gizarte osoan, hurbileko elikagaien ekoizpena bermatzen duelako, paisaia zaintzen laguntzen duelako, biodibertsitatea kontserbatzen duelako eta landa-eremuen bizitasun ekonomiko eta soziala indartzen duelako.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Nekazaritza, Landa Garapen eta Arrantza sailburu Amaia Barredok laguntza horien garrantzia azpimarratu du, ez soilik sektorearentzat, baita Euskadi osoarentzat ere: “Nekazaritza eta elikadura sektoreak funtsezko eginkizuna betetzen du gizartearentzat. Laguntza hauei esker, gure ustiategiek bideragarri izaten jarrai dezakete, landa-ingurunea bizirik mantentzen da eta herritarrek hurbileko, seguruak eta jasangarritasun-irizpideekin ekoitzitako elikagaiak eskuratu ditzakete”.

2023-2027 aldirako NPBren Plan Estrategikoak (PEPAC) laguntza-esparru bat ezartzen du, nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriagoa, eraginkorragoa eta klima-aldaketara hobeto egokitua bultzatzeko. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du Euskadiko nekazariek eta abeltzainek laguntza horiek baldintza justuetan eta beharrezko laguntza teknikoarekin eskuratu ahal izan ditzaten.

Kanpaina honetan, Sailak eskabideak aurkezteko epea ia hilabete bat aurreratu du aurreko urteekin alderatuta; horri esker, plangintza hobetuko da eta ordainketen egutegia zehatzagoa izatea lortuko da, ustiategien kudeaketa ekonomikoa erraztuz.

Eusko Jaurlaritzak nekazari eta abeltzain guztiak animatu nahi ditu eskuragarri dauden laguntzei buruz informatzera eta izapideak ezarritako epean egitera, eskualdeko nekazaritza-bulegoen bidez edo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Nekazaritza, Landa Garapen eta Arrantza Sailaren webgunearen bidez.

Laguntzen zutabeak

2026ko kanpainan, NPBren Lehen Zutabeko laguntzek, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) bidez finantzatuek, jasangarritasunerako oinarrizko errenta-laguntza, laguntza birbanatzailea eta nekazari gazteentzako ordainketa osagarriak barne hartzen dituzte, baita klima eta ingurumenarentzat onuragarriak diren praktikak sustatzeko pizgarriak eta sektore produktibo estrategikoei lotutako ordainketak ere.

Bestalde, Bigarren Zutabeko laguntzek, Landa Garapenerako Nekazaritza Europako Funtsaren (FEADER) bidez finantzatuek, ustiategien modernizazioralanda-ingurunearen garapen jasangarrirabiodibertsitatearen kontserbaziora eta klima-aldaketa arintzera bideratutako proiektuak babesten jarraituko dute. Halaber, muga naturalak dituzten eremuetan kokatutako ustiategiei laguntza emango zaie, nekazaritza-jardueraren jarraipena sustatzeko eta lurrak uztea saihesteko.