Ikus-entzunezko irrati komunikazioko (FM) eta telebista komunikazioko (tokiko LTD) zerbitzuen lizentziak 15 urterako berritzea onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak.

Jaurlaritzatik azaldu dutenez, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrari jarraiki, 2011ko urtarrilaren 11n, gobernu kontseiluak soinudun irrati difusio eta telebistako zerbitzuaren emakidak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentzia bihurtzeko erabakia hartu zuen.

Orain indarrean dagoen Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren arabera, lizentzien iraupena 15 urtetakoa da, eta, beraz, emakida lizentzia bihurtu zenetik 15 urte pasa direnez, lizentziak berritzea dagokio.

Berritzea automatikoa da, legeak ezarritako hiru baldintzak betetzen badira: lizentziaren titular izateko eskatzen diren baldintza berberak betetzea eta zerbitzua emateko ezarritakoak betetzea, espektroarekin lotutako ustekabeko eta gaindiezinak diren oztopo teknikorik ez egotea, eta titularrek espektroaren erreserbatzeagatiko tasak eta legean aurreikusitakoak egunean izatea.

FM eta tokiko LTD lizentzia batzuen indarraldia joan den urtarrilaren 11n amaitu zen, eta lizentziak data horretan iraungitzen zitzaien titularrei dagokion erantzukizunpeko adierazpenak eskatu zitzaizkion Jaurlaritzatik, aurretik aipatutako baldintzak egiaztatzeko.

Hala, baldintzak egiaztatu dituzten guztien lizentziak berritu dira eta Eusko Jaurlaritzak, astearte honetan hartutako erabakiaren bidez, berritzeko onespena eman du beste 15 urterako.