Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbao Arenan antolatutako Pizkundea ekitaldian izan da. Bertan, euskararen etorkizunerako ahalegin kolektiboaren beharra nabarmendu du, euskarak aliantza zabalak, erantzukidetasuna eta gero eta batasun handiagoa behar dituela azpimarratuz.
Lehendakariordeak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak gonbidapena jaso du ekitaldira etortzeko eta “baietza eman dugu, euskera denona dalako eta denok behar gaituelako”. Bere esanetan, euskararen etorkizuna ez dago soilik orain arte hizkuntzarekin konprometituta egon diren eragileen edo instituzioen esku; euskaratik urrun dauden herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa da. Bengoetxeak gogorarazi du euskarak jende gehiago behar duela: sektore gehiago, eremu gehiago eta herritar gehiago, eta behar den jauzia “batez ere, soziala” dela.
EKITALDIA
Testuinguru horretan, lehendakariordeak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak euskararen normalizazioarekin duen konpromiso argia, eta euskarak bizikidetzarako eta aukeretarako hizkuntza bizi gisa duen etorkizunarekin. Azpimarratu du, halaber, etorkizun hori leku desberdin askotik eraiki behar dela. Ildo horretan kokatzen da Gobernuak martxan jarri duen Jauzia Gara proiektua, euskararen erabilera eguneroko bizitzako esparru guztietan sustatzeko eta gizarte osoaren inplikazioarekin jauzi kualitatiboa emateko.
Ekitaldian, Bengoetxea lehendakariordeaz gain, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria ere izan dira.