Eusko Jaurlaritzak astearte honetako gobernu bileran onetsi du, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimenez, 140 milioi euro bideratzea ikerkuntza kooperatiboko zentroen (CIC) eta oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa zentroen (BERC) programetara 2026-2029 aldian, aurreko laurtekoan baino 20 milioi euro gehiago. Gainera, lau milioi euroko kontu sail bat onartu du 2026ko ekitaldian ekipamendu zientifikoa erosteko.
Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak nabarmendu duenez, "programa hauen helburua da sistema zientifiko sendo, iraunkor eta nazioartean lehiakor bat indartzea, bikaintasunean eta pertsonen ongizatean oinarritua, hain zuzen".
"Programa horien bidez, zentro horiek garatzen dituzten arloek bikaintasun maila lortu edo mantenduko dituzte, eta horrek lagunduko du zenbait arlotan berrikuntzaren itsasargietan ezarritako helburuak betetzen", gaineratu du.
Horrela, CICei zuzendutako programak 80 milioi euroko finantzaketa du 2026-2029 aldirako. Programaren helburua da zentro horien egonkortasuna eta lidergoa sendotzea abangoardiako ikerketan, nazioarteko proiekzioa indartzea eta euskal ehun zientifiko eta teknologikoan duten eragina handitzea.
Deialdi berriek bikaintasuna indartzera eta ikerketa lana erraztera bideratutako hobekuntzak sartu dituzte
Bestalde, BERC programak 60 milioi euroko zuzkidura du laurteko bererako. Zentro horien jarduera ez-ekonomikoa finantzatzea da xedea, haien iraunkortasuna bermatzeko, jarduera zientifikoaren hazkunde iraunkorra ziurtatzeko eta nazioartekotzea sustatzeko.
BERRITASUNAK
Berritasun bezala, bi programek finantzaketa espezifikoa jasoko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko gainerako erakundeei irekita dauden BERC eta CICen azpiegitura zientifiko handi bereziei laguntzeko.
Azpiegitura horiek funtsezko zeregina dute, unibertsitateetako eta ikerketa zentroetako ikertzaileen arteko lankidetza bultzatzen baitute, eta horrek nabarmen laguntzen du ezagutzaren aurrerapenean eta erronka globaletarako irtenbide berritzaileen bilaketan.
Era berean, bi programetan modu espezifikoan baloratuko da zentroaren Ongizate Psikologikoko Plana lehen aldiz, ingurune zientifikoan langileen ongizatea bultzatzeko. Zentro bakoitzeko Berdintasun Plana ere ebaluatuko da, genero oreka handiagoa sustatu aldera.
Deialdi berriek bikaintasuna indartzera eta ikerketa lana erraztera bideratutako hobekuntzak sartu dituzte. Halaber, kudeaketa eredu arinagoa eta egonkorragoa ezarri dute, zentroekiko konfiantzan, sinplifikazio administratiboan eta karga burokratikoen murrizketan oinarritua, legegintzaldirako gobernu helburuen ildotik.