Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak trafiko-istripuen biktimen omenez gaur Bilbon egin den ekitaldian parte hartu du. Ekitaldia Stop Bide Indarkeria Euskadi elkarteak antolatu du, Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela eta. Zuzendariarekin batera ekitaldian izan dira, besteak beste, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko agintariak eta trafiko-istripuen biktimen familiartekoak.

2025 urte honetan, azaroaren 14ra arte, 36 pertsona hil dira Euskadiko kale eta errepideetan izandako trafiko-istripuetan (14 Araban, 8 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan). 2024ko aldi berean, berriz, 31 pertsona hil ziren (7 Araban, 7 Bizkaian eta 17 Gipuzkoan).

Olabarriren esanetan: "Istripu bakoitzak gogorarazten digu errepideak une batean dena alda dezakeela. Baina jakin behar dugu ez dela sahiestezina den istripurik, denak saihets daitezke. Baina, horretarako, arduraz jokatu behar dugu".

Trafikoko zuzendariak azpimarratu du: "Eusko Jaurlaritzatik, Bide Segurtasunaren alde lan egiten dugunean, pertsonengan pentsatuz egiten dugu, eten diren bizitzetan, familietan geratzen diren hutsuneetan, pisu handi duten hutsuneak baitira. Hartzen dugun erabaki bakoitza, galdutako bizitza bat gehiegi dela sinetsita egiten dugu". Eta gogoratu du Eusko Jaurlaritza "Zero Biktima" ikuspegiarekin ari dela lanean, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunan eta Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun segururako eta Jasangarrirako 2021-2025 Plan Estrategikoan hartutako konpromisoen esparruan.

Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna urtero ospatzen da, azaroaren hirugarren igandean, 2005etik, NBEk gobernuei efemeride hori oroitzeko eskatu zienean, gizartea kontzientziatzeko.