Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluak Zaporeak Solidarios elkarteari 235.000 euroko zuzeneko diru laguntza ematea onartu du astearte honetan 'Zaporeak' proiektua finantzatu eta Lesbos uharteko errefuxiatuei egunero elikadura emateko (Kara Tepe II kanpamentua).

Jaurlaritzaren arabera, interes publiko, sozial eta humanitarioko arrazoiak direla-eta hartu du erabakia Jaurlaritzak, kanpamentuan erregistratzen den elikagaien muturreko kalteberatasun egoeraren aurrean; izan ere, catering sistemaren anoak ez dira nahikoak kantitateari eta kalitateari dagokienez, eta bereziki haurrei, adinekoei eta gaixoei eragiten die.

Proiektua bat dator Migraziorako Euskal Itun Sozialaren balioekin -duintasuna, elkartasuna eta unibertsaltasuna-, eta zuzenean laguntzen du errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzen, Jaurlaritzaren konpromiso etikoa indartuz.

Proiektua bat dator Migraziorako Euskal Itun Sozialaren balioekin -duintasuna, elkartasuna eta unibertsaltasuna-, eta zuzenean laguntzen du errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzen, Jaurlaritzaren konpromiso etikoa indartuz

Balkanen ibilbidea itxi eta EBren eta Turkiaren arteko akordioa sinatu ondoren, Lesbos gerretatik eta jazarpenetik ihes egiten duten pertsonentzako euste gune bihurtu zen. Laguntza jasoko duen Kara Tepe II kanpamentuan bizi baldintzak oso eskasak dira, eta elikadurak behar kritikoa izaten jarraitzen du.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa inauguratu dute Eusko Jaurlaritzak eta IBM konpainiak, IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, Donostian. Mota horretako Europako lehenengo instalazioa da, eta hirugarrena mundu osoan.

Aurkezpenean azaldu dutenez, sistema hori instalatzea "mugarria" da bi erakundeen arteko lankidetza estrategikoan. Elkarlana 2023an sortu zen, Euskadi teknologia kuantikoen nazioarteko polo gisa finkatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako BasQ-Basque Quantum ekimenaren baitan.

Ikerbasque fundazioaren eraikin berrian dago sistema, IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, eta astearte honetan inauguratu da, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria buru izan duen ekitaldi instituzionalean.

Harekin batera egon dira Jay Gambetta IBM Quantum-eko presidenteordea, Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Horacio Morell IBM Españako presidentea, besteak beste.

156 qubiteko IBM Quantum Heron prozesadore batek bultzatzen du sistema, eta konpainiak orain arte garatu duen prozesadore kuantiko onenetakoa da. Etorkizunean eskalatu eta hainbat prozesadore integratzeko diseinatuta dago eta, beraz, mugarri teknologikoa da, erabilera eskalako algoritmoak exekutatzeko aukera ematen baitu, simulazio klasikoaren gaitasunak gaindituta.