Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak landa eremuko 38 udalerritan kutxazain automatikoak jartzeko aukera emango duen kontratuaren lizitazioa argitaratu du. Kontratuaren aurrekontua 1.149.500 eurokoa da, BEZ barne.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi duenez, "beste urrats bat da Euskadiko herritar askok bizi duten finantza bazterkeriarekin amaitzeko, hainbat kilometro egin behar izaten baitituzte finantza kudeaketak egiteko".

Kontratuaren aurrekontua 1.149.500 eurokoa da, BEZ barne, eta lortu nahi dutenek konpromisoa hartu beharko dute 38 kutxazain automatiko horietatik 31 bi urteko epean instalatzeko

Kutxazain automatikoak instalatzeko ekimena Berosi programaren baitan dago; programa horren bidez, landa inguruneari oinarrizko zerbitzuak eman nahi zaizkio.

Lizitazioaren arabera, kutxazain automatikorik ez duten udalerrietan zerbitzu hori instalatzeko aurretik iragarri ziren baldintzak hartuko dira oinarritzat, hau da, 300 biztanle baino gehiago izatea, kutxazain hurbilenera gutxienez zortzi kilometroko distantzia izatea eta urtean 100.000 turista baino gehiago jasotzea.

Gipuzkoan bost udalerrik betetzen dituzte irizpide horiek (Abaltzisketa, Albiztur, Ezkio-Itsaso, Hernialde eta Leaburu), Araban 11k (Añana, Arratzua Ubarrundia, Barrundia, Burgelu, Iruraiz Gauna, Kuartango, Lantaron, Urizaharra-Peñacerrada, Samaniego, Zambrana eta Zigoitia), eta Bizkaian 22k (Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika, Zaratamo eta Ziortza-Bolibar).

AURREKONTUA

Kontratuaren aurrekontua 1.149.500 eurokoa da, BEZ barne, eta lortu nahi dutenek konpromisoa hartu beharko dute 38 kutxazain automatiko horietatik 31 bi urteko epean instalatzeko.

Esleipen irizpideei dagokienez, alderdi ekonomikoa edo kutxazain automatikoak instalatzeko kostua eta hileroko mantentze lana eta kutxazainen funtzionalitate gehigarriak hartuko dira kontuan, lizitazioan ezarritako gutxienekoetatik harago.

Dokumentazioa aurkezteko eta kontratua eskuratzeko epea zabalik dago jada, eta azaroaren 4an amaituko da, 13:00etan. Telematikoki zein aurrez aurre aurkeztu ahal izango da.