Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko Zabaldu, Sakondu eta Elkartu laguntzen programak ditu martxan, SPRI Taldearen Basque Trade & Investment bulegoaren bitartez, eta guztira 9,5 milioi euro banatuko ditu.
Euskal enpresei kanpora ateratzeko lehen urratsetan laguntzea, dagoeneko nazioartekotuta daudenak indartzea edo atzerrian lankidetza eta enpresa aliantza sustatzea dira programen helburuak SPRI Taldetik jakinarazi dutenez.
Bada, 'Zabaldu' programa nazioartekotze prozesuan lehen urratsak emateko laguntzeko da, eta enpresa bakoitzeko 75.000 euro arte banatuko ditu. Programaren aurrekontua bost milioi eurokoa da, eta eskaerak egiteko epea azaroaren 10ean amaituko da. Enpresek diru laguntzak jasoko dituzte aholkularitzarako, talentua erakartzeko, logistikarako eta erosketetarako, sustapenerako edo azoka eta bidaietara joateko.
'Zabaldu' programa nazioartekotze prozesuan lehen urratsak emateko laguntzeko da
Bestalde, Sakondu programa oso nazioartekotuta dauden konpainiei zuzenduta dago, atzerriko merkatu berrietan duten posizioa indar dezaten. Aurrekontua 3,5 milioi eurokoa da guztira, eta laguntzak 75.000 eurokoak dira enpresa bakoitzeko. Eskaerak egiteko epea azaroaren 10era arte egongo da zabalik.
Nazioartekotze estrategia bat prestatzera, azoketara joatera, komunikazio ekintzetara, talentua sartzera edo bideragarritasun azterketetara bideratuko dira laguntzak.
Azkenik, Elkartu programak nazioartekotzearekin lotutako proiektuetan enpresa lankidetza eta aliantzak babestea du helburu. Aurrekontua milioi bat eurokoa da eta eskaerak aurkezteko epea azaroaren 17ra arte egongo da zabalik.