Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak portuetako amarratzeen araudia berritzearen inguruan joan den larunbatean Orion (Gipuzkoa) egin zen lehenengo entzute saioaren balantze positiboa egin du.

Leandro Azkue Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuordeak adierazi duenez, lehenengo topaketak izan duen parte hartze handia "prozesuak piztu duen interesaren erakusle argia da". "Lasaitasun mezua bidali nahi diegu entzute prozesu hauetan parte hartu nahi dutenei. Guztiak entzungo dira, kezkak azaldu ahal izango dituzte eta kontuan hartuko dira beren iritzia eta proposamenak. Araudia guztion artean berrikusiko dugu", esan du.

Orion egindako bileran, aurrez deialdia jaso zuten egungo 50 amarratzaile eta deialdia jaso ez arren Arraunetxera bertaratu ziren beste hainbat bildu ziren. 50 laguneko gehienezko kopurua gainditu arren, sartzeko gonbitea ere egin zitzaien, eta prozesuaren faseen berri eman. Halaber, hurrengo egunetan beste entzunaldi saio batera deitzeko konpromisoa hartu zen.

PARTE HARTZEA

Aldez aurretik deituta zeuden 50 pertsonek parte hartu ahal izan zuten topaketan. Bertan, lan eta entzuketa saioa egin zen, talde dinamiken bidez, eta amarratzaileek beren iritzia eman ahal izan zuten. Azkenik, taldeko saio bat egin zen parte hartzaile guztiekin, eta saileko arduradunak ere bertan izan ziren. Talde bakoitzaren ondorioak bateratu eta partekatu ziren.

"Entzute prozesuaren lehen topaketa hau oso pozgarria izan da. Euskal amarratzaileen ekarpenak ezinbestekoak dira 2017ko Amarratze Agindua eguneratzeko orduan"

"Entzute prozesuaren lehen topaketa hau oso pozgarria izan da. Euskal amarratzaileen ekarpenak ezinbestekoak dira 2017ko Amarratze Agindua eguneratzeko orduan. Hau lehenengo saioa baino ez da izan, eta hurrengo asteetan gehiago egingo ditugu", adierazi du Azkuek.

Entzute saioak urriko larunbat guztietan egitea aurreikusi da, eta izena eman duten Bizkaiko amarratzaileentzako entzute prozesuaren bigarren saioa datorren larunbatean egingo da, urriaren 11n, Gernikako Elkartegian, 10:30ean.